Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2012-11-23 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Beñat Gaztelumendi, Julio Soto
Bertsoa entzun |
2012-11-23 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Beñat Gaztelumendi, Julio Soto
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
J. Soto
Teknologiak aurrean eta
nola eman ezezkoak?
Facebook-en Tuentin eta Twitter-en
hizki urre-urrezkoak.
Nik irratia gabe izaten
ditut goiz ezinezkoak
uhin bidez ailegatzen zaizkit
albiste fresko-freskoak.
B. Gaztelumendi
Ai baina zeinen bitxiak diren
gure Euskal Herri honenak!
Nahiz orduroko etenalditan
azaldu gure problemak
nahiz ta Euskadi Irratikoak
diren albiste onenak
tamalez askoz gehiago dira
esaten ez dituztenak.
J. Soto
Esne pixka bat katiluan ta
irratitxoak hormetan
jarri gosaltzen eta burua
arazo azal-sakonetan.
Twitter-en tik-tak Facebook-en tik-tak
serio edo brometan
mundu honetan egonagatik
ez zaude mundu honetan.
B. Gaztelumendi
Eta zu berriz horren moderno
informatuta galako
mermeladakin tostada busti
kafesnea hartu bapo.
Nik Twitter-ekin pasatzen ditut
orduak ordea pranko
zure berriak zahartuta daude
entzuten dezunerako.
J. Soto
Ze inporta du berri zaharrak
edo berri berrienak?
Jarri pantailan tik-tak idazten
eta bi begi gardenak
txuri kolorez ta azkenean beltz
dira sare sozialenak
azkenerako bihurtzen dira
sare antisozialenak.
B. Gaztelumendi
Eta zuk berriz sozializatzen
zerala halaxe uste
baina tamalez irratigintzan
nahiko arazo badute
bekariok etorri ta joan
kontratu laburren truke
oraingo ahots igualak zeuden
orain hogeita hamar urte.
J. Soto
Lehen ahots berdinak zeudela
bale egia hori da
esperantza dut aldatzekoa
garai berrien harira.
Aukera badut baino ni ez naiz
sartzen Twitter-a Tuentira
nik harremanak egiten ditut
begietara begira.
B. Gaztelumendi
Zure bertsoa aditu eta
algaraz lehertu naiz kasik
partiduren bat baldin badago
egiten al dezu hitzik?
Berez Twitter-ek zein irratiak
ez dute sortzeko gaitzik
hemen problema ez baita tresna
nola erabiltzen den baizik.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra