Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2017-09-08 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2017-09-08 Donostia Jaialdia
Bertsolariak / Egileak
Alberdi, Uxue
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Hondarribiko Alardearen inguruan Jaizkibel konpainiak azken urteotan berdintasun saria eman izan du. Eta oraingoan bertsolari emakumeen kolektiboari eman dio. Hainbat emakume bertsolari hurbildu zen Hondarribira, eta tartean zuek biok. Joan zarete saria jasotzera, eta han zapi bana jarri dizuete.

Deskribapena

Doinua
Ilun ikarak azken argia
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
8

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2017-09-08 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M. Lujanbio
Alardearen ezintasunak
alardearen nekeak
titibiliti eta kaleak
plastiko beltzez beteak.
Guk nekez egin degu bidea
ondo hartu gaitu jendeak
hain berdin izan kasuak eta
hain bide diferenteak.

U. Alberdi
Ez da errexa gaurko egunez
ze pentsatu jakitea
amorruakin zaila delako
buruai eragitea.
Saria ez da sinbolo huts bat
desberdina du jitea
baizik bidea pausorik pauso
elkarrekin egitea.

M. Lujanbio
Bide egin degu baino hala’re
ez gera iritsi mugara
Hondarribian aldiz izua
burla, bortxa ta ikara
biolentzia hainbeste aipatzen
duen EAJ hara!
Esaidazue ba hori zer den
biolentzia ez bada!

U. Alberdi
Berdintasunez desfilatuta
ez dituzte hartzen gozo
plastiko atzean jende pila bat
ez dira soilik bi zozo
holakoetan ikus daiteke
nahiz ta gogorra den oso
boterearen plastiko atzean
nor sentitzen den eroso.

M. Lujanbio
Diskurtso xuri agintariek
eta herri bat trantzean
kargua odolez pasatzen dute
monarkiaren antzean
herri botere herri prestigio
nor den norbere etxean
ai zenbat pozoi ezkutatzen den
alardearen atzean!

U. Alberdi
Herri guztitan zenbat txaranga
zein tradiziozko dantza
kuadrilla-afari, soziedade
komentario ta txantxa
urrunekoa errez da ikusten
gertukoa zaila antza
nork bere etxetik astin dezagun
alfonbra azpiko hautsa.

M. Lujanbio
Eta eskertuz bertsolaritza
aurten omendua dena
koloretako zapi batekin
eder ikusten da dena
baino ez al da paradoxa bat
eta gordina urteena
garaipen gisa bizi beharra
oinarri behar lukeena?

U. Alberdi
Oihana, Amets zein Mariaje
Ana, Rosa zein Maribel
Kote, Aitor, Manu, Ainhoa, Miren
Mari Anjeles eta Mikel
urte askoan izan zarete
putzutik kanpoko igel
bide urratzaile izatearren
eskerrik asko Jaizkibel.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra