Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2018-08-13 Leitza Jaialdia [Bertsoa] / Nerea Elustondo, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2018-08-13 Leitza Jaialdia
Gai-jartzailea
Intxausti, Ane
Bertsolariak / Egileak
Elustondo, Nerea
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Amonaren etxean topatu nuen “Enciclopedia de la mujer” liburua. Amonak zaharkitua zegoela esan zidan. Baina, hain zaharkitua al dago?
Gaiari oharrak
Gai-emaileak liburua ematen die eskuetara.

Deskribapena

Doinua
Erreguetan ari nintzela
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
8

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2018-08-13 Leitza Jaialdia [Bertsoa] / Nerea Elustondo, Maialen Lujanbio

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M. Lujanbio
Hau bertigoa hau auzo-lotsa
liburua hau ikustia!
Gerri mehe-mehea dala bat eta
Apain-apaina bestia
gona motzak ta takoia luze
ezpaina gorriz bustia
hain zuzen ere izan behar da
zu ta ni ez geran guztia.

N. Elustondo
Hor ipintzen du nola pasatu
fregona edo erratza
hor ipintzen du nolatan hartu
emakume finen antza.
Zu ta ni hala ez izanikan
nahiz ta piztu esperantza
entziklopedia zaharkitu da
baino kanonak hor datza.

M. Lujanbio
Portatu zaite txintxo ta umil
izan zaite herabea
burua pixka’t makurtu zazu
besteei autoridadea
bilatu zazu zure senarra
hor nonbait zure jabea
lehen araua idatzia zen
ta orain idatzi gabea.

N. Elustondo
Ta idatzi eztako arau hoiekin
sortzen zaigun behazuna!
Liburu hortan azaltzen dena
ikasgai pila astuna
zehar lerrotan hor ikusi det
eskuen edertasuna
masturbatzea hitza ordea
inon aipatzen ez duna.

M. Lujanbio
Masturbatzea utopia zen
arren arautara goazen!
Plazerra dago gizonen esku
ta hortik ez da pasatzen
gona baduzu luzeegia
ai ez zara liberatzen!
Eta bortxatzen zaituztenean
gona laburregia zen.

N. Elustondo
Hori horrela zen lehenago
gaur eguneko antzera
eta ez dakit oraindik ere
gu ez goazen atzera
begiratu det zure eskuko
entziklopedia aldera
zenbait gaietan hori bezela
berde xamar ez al gera?

M. Lujanbio
Umeei beira konturatzen naiz
oraindik gaudela gaizki
mutil ta neska bereizten dira
estriktoki ta zehazki
juergan nerabe arrak direnak
harraparitzat dijoazti.
Gauzak aldatu direla asko
baina ez dira aldatu aski.


N. Elustondo
Ba bai oraindik guk aldatzeko
badugu nahiko bertute
ez direlako pauso haundiak
ikusten denboren truke.
Gogoeta bat azken puntuan
halaxe egin nahi nuke:
mutilentzako entziklopedia
noiz publikatuko dute?

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra