Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2021-08-20 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2021-08-20 Donostia Jaialdia
Gai-jartzailea
Jauregi, Saroi
Bertsolariak / Egileak
Arzallus, Amets
Gaztelumendi, Beñat
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Aspaldi entzuten zen esaldia zen “Borroka da bide bakarra”. Orain aldatuta dago esaldiaren esanahia eta baita borrokarena ere. Zuentzat zer da borroka eta zer da bidea?

Deskribapena

Doinua
Menditarra naiz eta gogoan
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2021-08-20 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A. Arzallus
Zuk badakizu borroka dela
bide guztien jatorri
edota bide ezberdinetik
borrokak dira etorri
filosofia laino bat da hau
laino beltz nahiz laino gorri
emazaiozu konkrezioa
filosofia zahar horri.

B. Gaztelumendi
Filosofiei konkrezioa
ematea komeni da
feminismotik asko dabiltza
alor hortara begira
Tubacexera so eginda zein
Bidasoako zubira
orain borrokak eta bideak
pluralean mintzo dira.

A. Arzallus
Feminismotik helduko diot
gauza ez baita xamurra
mutilok sarri hitz haundiekin
bilatzen dugu glamourra
baina adizu nere ustetan
nahi bada bidea urra
borroka dugu eguneroko
bizitzaren bidetxurra.

B. Gaztelumendi
Matxismoa da denon barruan
bizi zaigun zomorroa
txanpon beraren bi alde dira
gizona eta ogroa
ez da kontua nork egingo dun
ozenkiagoa orroa
lehenik erantzi behar genuke
gudarien mozorroa.

A. Arzallus
Ta orain guda birus bat dela
halaxe zait iruditzen
nahiz ta gehienak lerro batean
ta ez diren hortik mugitzen
bide bakar ta duda ukoak
aspaldi hontan nau mintzen
ortodoxia militarrekin
aspaldi nekatu nintzen.

B. Gaztelumendi
Beraz gugana ailegatu da
pandemiaren itzala
zerbait ikasi behar genuke
gabiltzala gabiltzala
negazionismo itsua edo
obedientzi zerbitzala
ni hemen nabil borroka zein den
seguru ez dakidala.

A. Arzallus
Ba esango dizut ze aldetatik
hartzen diodan usaia
osasuna da harreman sare
bizigarrien paisaia
ez da bakarrik gorputzak dauzkan
baloreen aldagaia
berriz pentsatu behar genuke
osasunan esanahia.

B. Gaztelumendi
Konkreziotik filosofira
berriro pasa gera ai!
Urte t’erdian zenbat arazo
urte t’erdian ze bidai
denak zalantzak dauzkat nik Amets
bandoak bando, gaiak gai
zailagoa da garaia baina
ederragoa ere bai.

A. Arzallus
Dudarik gabe ez da errexa
ta bidea da anitza
hala ere ahots bakarretikan
Beñat e’nuke nahi mintza
zalantza dela bide onena
egi goxo nahiz bortitza
bidean erdian okerka zoaz
orduan zuzen zabiltza.

B. Gaztelumendi
Orduan zuzen ibiliko da
Amets okerka dagona
zerbaitengatik etorri gara
ostiral eguerdiz hona
pauso bat eman orduko nahiz ta
parean sentitu horma
nere bideak eta borrokak
bertsotan hartzen du forma.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra