Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2021-08-24 Amezketa Jaialdia [Bertsoa] / Oihana Iguaran, Anjel Mari Peñagarikano

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2021-08-24 Amezketa Jaialdia
Gai-jartzailea
Artola, Imanol "Felix"
Bertsolariak / Egileak
Iguaran, Oihana
Peñagarikano, Anjel Mari
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Euskal mitologian bada apaiz bat Mateo Txistu izenekoa. Apaiz eta ehizazale amorratua omen zen, eta behin meza ematen ari zela erbia azaldu omen zen elizako atean; askok diote deabrua bera zela, erbiz mozorrotuta. Mateo Txistuk erbia ikusi zuenean hor utzi omen zuen meza, eta han abiatu omen zen erbiaren atzetik, sakristian zain zituen txakurra eta eskopeta hartuta. Diotenez, oraindik hor jarraitzen omen du Mateo Txistuk erbiaren atzetik ehizatu ezinda, eta basoetan eta haizeguneetan askotan entzuten omen da Mateo ehiztariaren txistua txakurrei deika, erbiaren atzetik doan bitartean. Bada,
Peña dugu Mateo Txistu ehiztaria, eta Oihana erbia. Oraindik hortxe segitzen duzue, batek ihesean eta besteak ehizatu nahian.

Deskribapena

Doinua
Antton eta Maria I
Neurria / Estrofaren izena
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2021-08-24 Amezketa Jaialdia [Bertsoa] / Oihana Iguaran, Anjel Mari Peñagarikano

Neurria:  Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A. M. Peñagarikano
Mezetako kandelak
ta hango argiak
oraintxe ere dana
utzi behar diat
ehiztari izateak
ditun alderdiak!
Ia gastatu ditut
kartutxo erdiak
ta berriz ere ihes
egin dit erbiak! (bis)

O. Iguaran
Aurretik saiatzen naiz
ni bizkor irauten
eta basoan bizi
ta ixilik han juten
atzetik sumatzen det
zaunka erantzuten
ta zure txistu hotsek
nola diharduten
baina aspaldi tirorik
ez dizut entzuten. (bis)

A. M. Peñagarikano
Kalean berri daki
makina bat jendek
ta mendiko piztiak
ikusten zaituztet
erbia det gogoko
ta erbia laket
alde’in dezula baina
hau esan dezaket:
jan egingo zitula
azariren batek. (bis)

O. Iguaran
Ez azari ez otsok
ez naute ni jaten
zail da ni baino askoz
bizkorrago joaten
saiatu behar zenuke
hobea izaten
zure apaiz garaiak
ohora ditzaten
ta ez nere atzetik
maldizio baten. (bis)

A. M. Peñagarikano
Nik mekatxislaporra
hoi sarritan esan
baina maldizioa
ezin leike izan
Mateo Txistu nabil
arloteen trazan
erbiak ihes egin
danak parra plazan
Fernando Amezketarra
bizkorragoa zan! (bis)

O. Iguaran
Pernando Amezketarra
baitzen zerbitzala
baina bizkortasunez
ni haren itzala
haren hitzak lasterka
jarraitu dezala
baina ez bainaiz bizkorra
ez hura bezala
esan nahi al dezu zu
mantsoa zerala? (bis)

A. M. Peñagarikano
Behintzat orain badabil
berriketa pranko
zer ikasia badet
beste baterako
hain gaizki ere ez naiz
orain aterako
umeak egi’tzazu
eme zeralako
laster izango dira
haiek neretzako. (bis)

O. Iguaran
Ez naiz ama izango
horra iristian
fede gehiago daukat
mendiko izpian
ta bizkorra naizenez
ni nere piztian
ezkutuan egon naiz
bi mende tristian
abandonatu zendun
zure sakristian. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra