Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2023-05-06 Irurtzun Sariketa [Bertsoa] / Peru Abarrategi, Amaia Iturriotz Etxaniz
Bertsoa entzun |
2023-05-06 Irurtzun Sariketa [Bertsoa] / Peru Abarrategi, Amaia Iturriotz Etxaniz
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
P. Abarrategi
Gustoko nuen zure aldarte
eta zure aurpegia
orain kopeta belztuta dugu
negar malkotan begia
haurrei kontatu beharra nola
bihurtu den komeria
gure kaltetan izango dugu
ezkutatzea egia.
A. Iturriotz
Bi ume txiki lau ta sei urte
bat Aritz ta bat Ilargi
ezkutatzea ez da aukera bat
dugu arrazoi ugari
nahiz eta haiei hau nola esan
ez dudan batere argi
iruditzen zait zerbait susmatzen
ari direla aspaldi.
P. Abarrategi
Egia da hori gure haurtxoek
kendua daukate benda
egia esan luzea baita
gure motibo zerrenda
baina ez dugu erraz aurkitzen
beraienganako senda
biok ulertzen ez dugun hori
nola ulertarazten da?
A. Iturriotz
Biok ulertzen ez dugun hori
bere arantza ta ezten
guk ulertu nahi ez dugun hori
nola ba hasi aurkezten?
Gertatzen dena, bueno agian
nahiz ta hain sinplea ez den
igual marraztu diezaiekegu
bide bat bitan bereizten.
P. Abarrategi
Elkar zaintzea tokatzen zaigu
guraso on batzun legez
marrazkitxo bat ikusi eta
ulertuko dute errez
nahiz harremana hautsia dugun
duela askotik berez
gure artekoa buka daiteke
beraienganakoa ez.
A. Iturriotz
Argi daukagu ez diogula
egin taldeari uko
mahaian bueltan elkar gaitezke
gu biok haien gertuko
ulertu behar dute ta tira
ulertuko dute punto!
Okerrena da behin ulertuta
ez zaiela gustatuko.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra