Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2024-07-07 Lesaka Jaialdia [Bertsoa] / Maialen Lujanbio, Kattin Madariaga Apaolaza
Bertsoa entzun |
2024-07-07 Lesaka Jaialdia [Bertsoa] / Maialen Lujanbio, Kattin Madariaga Apaolaza
Neurria:
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
M. Lujanbio
Urruna joateko
zure afanean
aunitz tristetu nintzen
ni ama planean
hortara ohitutzeko
jardun naiz lanean
zertara zatoz berriz
ohitu nintzanean? (bis)
K. Madariaga
Lanean libre eta
herrira bixita
ta zer bilatu dudan
hona etorrita
hala aurkitu baitut
nahiz ez den polita
giltzak eduki eta
atea itxita. (bis)
M. Lujanbio
Nahiz beti dagon zabal
amarenekoa
zure bizia dezu
beti kalekoa
gosetzen zeranean
etxe aldekoa
hau da zure hotela
bost izarrekoa. (bis)
K. Madariaga
Baina plot twist batekin
joan da pelikula
aldaketa bat baita
gainera mardula
ez dakit, “Zer moduz?” bat
irri bat… sekula!
Gero erraten duzu
maitatzen nauzula! (bis)
M. Lujanbio
Ohea egin dizut
eman dizut jaten
ez dakit inork gehio
maitatu zaitzakeen
Iruñan hor zabiltza
zu zokoren baten…
Lehen plot twist ta holakoik
ez zendun esaten. (bis)
K. Madariaga
Iruña ta Lesaka
bi herri, bi mundu
izan ditut miloi bat
kanbio inguru
ta maitatzen nauzula
al zaude seguru?
Attak zer moduz nagon
behintzat galdetu du. (bis)
M. Lujanbio
Attak eta zuk beti
dezute imana
zuek elkar hartuta
erruak nigana
baina zuk ere kulpa
biok erdibana
lehen amaren ihesi
ta orain amagana. (bis)
K. Madariaga
Badauzkazu mezuak
nireak abaila
pixka’t maita nazazu
ez da horren zaila
begira eginen dut
hartuz abantaila
aldatu nere etxe
horreri sarraila. (bis)
M. Lujanbio
Baduzu jenioa
eta osasuna
seinale bizitza ondo
juana zaizuna
nik nahi dedana esan
ta zuk nahi duzuna
beti izan da hola
gure maitasuna. (bis)
K. Madariaga
Espero nuen poza
eta zoriona
baina antza hauxe da
etxean dagona
aitortzen dizut ama
eta ez da broma
ama bat zara baina
ez hain ama ona. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra