Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2005-02-26 Irun Jaialdia [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi, Sebastian Lizaso
Bertsoa entzun |
2005-02-26 Irun Jaialdia [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi, Sebastian Lizaso
Neurria:
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Agirreazaldegi:
Ispilu, nigan dauzkat
galdera ugari
ta egin nahi dizkizut
txandan-txandan zuri:
berde, beltz, gorri, urdin
more edo zuri
inork beiratze'al dio
gure erropari? (bis)
S. Lizaso:
Zeurekin hainbat duda
traba eta hesi
gehiegi kezkatzeak
ez dizu merezi;
"Inork beiratzen al du?"
galdezka ez hasi
eta zeure buruai
beiratu lehenbizi. (bis)
A. Agirreazaldegi:
Dudak dauzkadanikan
ez nezake uka
lana luzatu ohi zait
hasi eta buka.
Hementxe sentitzen naiz
itxuraldatuta;
zuk zer ikusten duzu
neri beiratuta? (bis)
S. Lizaso:
Ispiluai begira
zuk dezun ohitura
ta zure begiradak
badauka lotura;
eta argituko det
zuk daukazun duda:
nik beti ikusten det
zuk nahi dezun hura. (bis)
A. Agirreazaldegi:
Erantzuna zorrotza
hartara ohituta...
neuk galdetu dizut ta
nerea da kulpa.
Eskatu arren, berak
lorerik ez dauka;
hortarako hobe det
etxetik kenduta. (bis)
S. Lizaso:
Adiskideak ginan
gu biok haseran;
petraltzen hasi zera
zeuretzat galeran
eta kentzen banazu
esan dezun eran
ahaztu egingo zaizu
nolakoa zeran. (bis)
A. Agirreazaldegi:
Erropa bat, bestea
jantzi, kendu, ri-rau!
Lainotuta ordea
nere ispilu hau.
Zertarako kezkati
pasa hainbeste gau?
Sebastianen eupadak
animatuko nau! (bis)
S. Lizaso:
Animatzen bazera
zu horrenbestean
janzkerakin al zaude
zu buruhaustean?
Berdin da ahalegindu
bat edo bestean:
biluztu egingo zera
bertsotan hastean. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra