Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2000-10-07 Tolosa Jaialdia [Bertsoa] / Txomin Garmendia, Anjel Mari Peñagarikano

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2000-10-07 Tolosa Jaialdia
Gai-jartzailea
Azkune, Laxaro
Bertsolariak / Egileak
Garmendia, Txomin
Peñagarikano, Anjel Mari
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Txominek mendiko erromeriak ezagutu zituen ondo; garai hartan ondo ibilitakoa da. Anjel Marik, berriz, beheko erromeriak, dantzaleku eta pub eta horrelakoak ezagutu ditu. Zeinek egin ote du neskatan gehiago?

Deskribapena

Doinua
Gure herriko bikariuak
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2000-10-07 Tolosa Jaialdia [Bertsoa] / Txomin Garmendia, Anjel Mari Peñagarikano

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Garmendia:
Odola bero eta ausarta
izaten du gazteriak,
eta gu ere bide hoietan
sarri ginan eroriak.
Gaur Peña honek maitatzen ditu
bai kaleko komeriak;
neretzat gauza ederrak ziran
mendiko erromeriak.

Peñagarikano:
Gauza ederrak nolatan ziran,
gu hori entzunak gaude;
neskatan gehien nork egin duen
nolatan egin du galde?
Berroita hamabi urte zitula
egin zan andrean jabe...
ni hemen nago berroita bikin
inor konkistatu gabe!

Garmendia:
Ai, Peña honek alde batera
egi haundia esan du,
Txomin Garmendia ezkontza hortara
iritsi zala berandu;
eta egiaz berrogeita
hamahiru urtekin ezkondu,
baina, jakin zazu, ordura arte
lotan ez nintzan egondu.

Peñagarikano:
Zeure denboran gauza askotako
ibiliko zinan presto;
orduan ere orain bezela
nahiko baldar, nahiko basto;
bainan ez pentsa neronek ere
daukatenik mila txasko,
txapel bakarra jantzi nuen nik
baina "txapel txiki" asko.

Garmendia:
Ai, Peña maite, bertsoan bidez
gaur nere padezera;
ondo ulertu nahi baldin ba'ezu
belarriaren ertzera;
berandu benik Txomin hau iri-
tsi baitzan ezkontzera,
nik gradu hori hartu nuan ta
zu iritsiko al zera?

Peñagarikano:
Abildadea haundia dunik
ez du inoiz erakutsi;
zeure laguna ez dezazula
hain desonrratua utzi;
zure garaian kantatzen zenun
"no te cases con la Lutxi"...
aitortu zazu nik bezelaxe
ein dezula oso gutxi.

Garmendia:
Gutxi egiteko iritsi nitzan
makina bat lekuraino,
zeru oskarbi bat ikusi nahi ta
sarri gertatzen zan laino;
nere gisara Peñak'e ez du
behar hainbeste enpeino;
burla egiten errezago da
norberak luzitzen baino!

Peñagarikano:
Ta orain berriz aipatu dezu
burla eitearen kontua;
zaudela lasai gaur erabaki
behar degu asuntua;
Diario Vascon idazten dezu
seigarren mandamentua...
oso bizkorra ez naiz ni baino
zu're bastante tontua!

Garmendia:
Garai haietan gu igandero
ibiltzen ginan elizan;
sermoi ederrak entzun ere bai
misiolarian gisan;
ta Peña nik ondo dakit zu gaur
ze klasetara zabiltzan...
zure aukera izandu banu
leheno ezkonduko nintzan!

Peñagarikano:
Ni bezelaxe zuk ere urri
izango zenun aukera;
ondo pentsatzen jarrita ere
jaunak hau da egoera!
Ta Txomin honek zenbat ein zuen
kontuak hortik atera!
Zuk ere praile sartu behar zenun
Zavalarekin batera!

Garmendia:
Alde batera bertso polita
kantatu dezu ondradu,
baina nik ez dizut gaur emango
merezi hainbeste gradu;
eta guztiok badakizute,
gaurr'e lehenago esan du
amonan ohiera sartutzen danak *
gaur maiteko ote du?

Peñagarikano:
Lehen esan dezu aukera pranko
izan zenula antzinan;
lehengo bertsuan mintzatu zera
amorruan eta grinan;
nere ondoan hementxe zaude
inola isildu ezinan...
hainbeste kontu esan bazendu
leheno ezkonduko zinan!

Garmendia:
Barkatu baina horren buelta
emango dizut egoki,
ta azkenerako arrazoietan
hasiko gera poliki;
mendiko erromeritan nik banun
merezi hainbeste toki;
gizarajo honek neska launtzea
ere zer degun ez daki!

Peñagarikano:
Honta ezkero hemen gurekin
ez da izango gauz onik!
Alde batera ez det ulertzen...
nola isildu gizonik;
aitortuko det: santuren planta
sekula ez det izan nik,
baina mesedez ez'idazu esan
gizarajoa naizenik!

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra