Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2002-10-31 Beasain Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2002-10-31 Beasain Jaialdia
Gai-emailea
Goikoetxea, Ekaitz
Bertsolariak / Egileak
Lizaso, Sebastian
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Maialen, bihar zara ezkontzekoa. Gaur, Sebastian aitari txikitan bezala besoetan hartu eta ipuin bat kontatzeko eskatu diozu.

Deskribapena

Neurria / Estrofaren izena
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2002-10-31 Beasain Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio

Neurria:  Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Lujanbio:
Bihar ezkonduko naiz
badakizu, jakin
nere eraztun dotore
ta nere traje fin..
Biharko egunari
nahi nioke ekin
animoz eta goxo
zure ipuiakin. (bis)

S. Lizaso:
Kupido iritsi zen
zure bihotzera
eta hargatik zoaz
bihar ezkontzera.
Umetan amets egin
zenuen antzera
bihar denen erregin
zeu izango zera. (bis)

Lujanbio:
Bihar denen erregin
ta izar gorena
aldarean barrena
igoko naizena?
Lehen kapituloan
polita da dena
zer moduzkoa ote da
berrogeigarrena? (bis)

S. Lizaso:
Ezkon bizitzan behar
zuk ere moldatu
eta hasieratik
ez zaitez nekatu.
Batetik berrogeira
kolpera ez pasatu
gozatu nahi badezu
banaka kontatu.(bis)

Lujanbio:
Minutu ta orduak
harturik gertuko
urtez urte joateai
nola egin uko?
Pixkana joango gera
aita zu lekuko
ta printzea ez zait ba
igel bihurtuko? (bis)

S. Lizaso:
Zure ezkontzak badu
besteenan antzik
ez zera berezia
ez izan zalantzik
eta printzearekin
zertan esperantzik?
Ez da igel izango
golforen bat baizik. (bis)

Lujanbio:
Nere senarrarekin
a ze panorama!
Aita nik onartzen det
ematen didana.
Ipui eske nijoa
berriz zuengana:
zuena zer izan da
ipuia edo drama? (bis)

S. Lizaso:
Denetatik izan du
gureak berekin
eta zurea ere
izango da berdin
baina aspergarria
bihurtu ez dadin
lehengo ametsak bete
ta berriak egin. (bis)

Lujanbio:
Amets ez egitea
da guretzat kalte
ezkonberriek behintzat
poz hori daukate.
Ez ahal zait bihurtuko
bihar, etzi, noizbait'e
urrezko eraztuna
burdinezko kate! (bis)

S. Lizaso:
Kezka atera zaizu
bihotz barrenetik
baietzik ezin esan
gaur aitak kolpetik
baina nik kontseju bat
ta hara zergatik:
zu zeu izaten segi
ezkonduagatik. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra