Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
1998-12-19 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa] / Ekaitz Goikoetxea, Iñaki Murua
Bertsoa entzun |
1998-12-19 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa] / Ekaitz Goikoetxea, Iñaki Murua
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
E.Goikoetxea:
Telebistako kaxa txikian
horrenbeste jira-bira,
errugabeen begitxoetan
a zer nolako distira!
Pixka-pixkana Irak aldea
dena suntsitzen ari da;
holako gauzak munduan aita
zergatik gertatzen dira?
Murua:
Amerikarrak nahi izaten du
han ta hemen agintzea,
berak hobeto bizi izateko
bestek dunetik biltzea;
ez zaio ajola justizi eza
ta nun sartzen dan iltzea,
bere burua salbatutzeko
errugabeak hiltzea.
E.Goikoetxea:
Telebistaren aurrean triste,
matrail hezurrak bi hobi;
hau ikusita odola ere
ipintzen zait gori-gori.
Nahiz ta ez izan amerikarrek
duten aina kategori,
besterik gabe gorrotatzeko
arrazoia al da hori?
Murua:
Ez da arrazoi bakar-bakarrik
haundi baten aldartea;
kapritxoeri zabaldu die
Clinton jaun horrek atea;
hari axola al zaio bada
iraktar horiek joatea?
Naturak lege ipini zuen
haundiak txikia jatea.
E. Goikoetxea:
Arrai haundiak txikiena jan,
toki guztitan berdina;
kristal atzeko irudi hori
ez da oso atsegina;
boterearen haundinahi horrek
barrenean damait mina;
noiz izango da arrai txikia
arrai haundia adina?
Murua:
Arrazoi dezu zergatik behar du
beti besteren gerizan?
Bainan hala da hori ikasi du
orain arteko bizitzan;
arrai txikia ezin da bizi
arrai haundiaren gisan;
beti menpean egon beharko du
nahiz ta arrazoia izan.
E.Goikoetxea:
Gauza ugari ikusten dira
telebistaren gerizan;
solasaldia eduki degu
maixu-ikasleen gisan;
eskerrak ere eman nahi ditut
seme zintzoen peskisan,
zerbait ulertzen hasia bainaiz
nahiz ta ulergaitza izan.
Murua:
Ulertu dezu seme laztana
eta gaitzerdi sikira!
Batzuk bonbak ein ta lehergaiak
ondoren tira ta tira;
eta besteak barealdian
anai hilak erretira;
ta bitartean mundu zuri hau
beste aldera begira!
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra