Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1996-09-06 Alkiza Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Jon Sarasua, Jokin Sorozabal

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1996-09-06 Alkiza Jaialdia
Gai-jartzailea
Azkune, Laxaro
Bertsolariak / Egileak
Agirre, Joxe
Egaña, Andoni
Lizaso, Sebastian
Mendiluze, Aitor
Sarasua, Jon
Sorozabal, Jokin
Lana
Seinaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Demagun etzi Hondarribian egingo den alardean parte hartu behar duzuen sei emakume zaretela. Zer duzue herritarrei esateko.

Deskribapena

Doinua
Mutil koxkor bat itsuaurreko
Neurria / Estrofaren izena
Hamarreko handia (hg) / Bost puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

1996-09-06 Alkiza Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Jon Sarasua, Jokin Sorozabal

Neurria:  Hamarreko handia (hg) / Bost puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


S.Lizaso:
Ez da itzali Irun aldean
piztu zan suan dizdira;
hango gatazka bere garaian
heldu da Hodarribira.
Multzo haundi bat aurka daukagu
baina ez zaigu kupida;
pare bat mila gizon hor daude
berrogei andrei begira.
Gizonak ere harrotzen dira
taldean baldin badira. (bis)

Sorozabal:
Egia esan beti kanpotik
egoten ginen begira.
Pentsatu degu aurten sartzea
gure alarde erdira;
eta kaleko iskanbila hau
joan da nahiko urrutira;
hasi alkate ta handik behera
denak berdintsuak dira:
tradizioa margotzen dute
komeni zaien neurrira. (bis)

J.Sarasua:
Nunbait alarde militar zahar bat
berritzea da helburu;
gizonentzako soilik omen zan,
neskak reakzionatu du.
Kanta zaharrak esaten duna
ederki berritzen dugu:
"atzo tuntun da gaur ere tuntun,
ta beti tuntun gaitun gu";
gizonezkoen ohitura txarrak
geure egin nahi ditugu. (bis)

Egaña:
Nik ere ontzat hartu nahi ditut
nere lagunan esanak:
inondik ere gizonezkoek
hartu nahi dituzten lanak.
Ta kantinerak hogei bakarrik
politak bezain laztanak;
eskubiderik ez al daukagu
hain politak ez geranak?
Ta eskubidea lortutakoan
ukatuko gera danak. (bis)

J.Agirre:
Irun aldean ikusi genun
gauz itsusi ta baldarrik;
bide hortatik ez beza segi
ahal badegu Hondarrabik.
Ez ote degu emakumeak
behar ainako indarrik?
Nik ez dizutet hor aitatuko
politik eta zatarrik,
baina gizonak hartzen gaituzte
jostailutzako bakarrik. (bis)

Mendiluze:
Lehen gizon eta emakumeak
aritu ziren borrokan,
ta alardea ospatu ohi da
hura berritu asmotan.
Emakumeei ez digutenez
parte hartzen uzten hortan,
lehenago ere gizonengatik
pentsatu izan det askotan:
eurek bakarrik behar dutela
heroiak izatekotan. (bis)

S.Lizaso:
Arrak lehengoa gorde nahi dute
ohitura zaharren zorpian;
emakumeon kontra hargatik
eraso dute kolpian.
Elkarrizketa eskatu eta
"ezetz" erantzun torpian.
Gizatasuna sailkatu nahi det
orain modu egokian:
gizonezkoak agintzen dute
gizonik ez dan tokian. (bis)

Sorozabal:
Gu irabazi nahiean datoz
harturikan zenbait lora;
nunbait haientzat hori eginda
dena egina izango da.
Egun batean kostata hasi
ginan gu iristen gora;
gure bidea hortik doa-ta
ez dezagun gal denbora:
alardearen barruan eta
sukaldetikan kanpora. (bis)

J.Sarasua:
Gizonezko ta emakumeentzat
berdintsua da euskara,
baina gizarte praktika hontan
ezin gaitezke konpara;
haiek gurera jarri beharrean
sarri gu haien erara;
berriro sartu beharko degu
gizonezkoen askara,
geure ohiturak geok sortzeko
kapaz ez baldin bagara. (bis)

Egaña:
Gauza bakarra eskatzen det nik:
parte hartzea askea;
hortik aurrera berdin-berdin zait
tradizioa haustea.
Ez al da txarra era hortako
balentriari eustea?
Gizonezkoak joan ziren gerra,
zeinen azaina tristea!
Ta tristeago oraindik hortaz
alardeatzen hastea. (bis)

J.Agirre:
Jokabide hori sekula santan
guk ez degu onartuko;
harrokeritik gauza onikan
ez degu eskuratuko.
Hortxen dabiltza emakumeak
nundik nora baztertuko,
ta gizon batek emakumea
behar du bere gertuko.
Hemen emerik izan ez balitz
arrikan ez zen sortuko. (bis)

Mendiluze:
Ureta bota behar gaituztela
amenazua izan zan,
ta emakume batzuk horrekin
jarri dituzte zalantzan.
Bainan alferrik egongo dira
ez joateko esperantzan;
emakumeok jardun nahi degu
bai festan eta bai saltsan,
ta igandean ikusiko da
galtzak zeinek daramatzan. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra