Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1995-12-17 Donostia Txapelketa [Bertsoa] / Mikel Mendizabal, Jokin Sorozabal

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Aldizkako Ekitaldia (Saioarena)
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa (6. 1995)
Saioa
1995-12-17 Donostia Txapelketa
Gai-emailea
Madariaga, Joxepa
Bertsolariak / Egileak
Mendizabal, Mikel
Sorozabal, Jokin
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Gurasoak zarete. Mendizabalek miloi bat ordainduz libratu du semea soldadutzatik. Zuk berriz, Sorozabal, intsumisio bidetik animatu duzu zurea. Hiruna bertso Sorozabal.

Deskribapena

Doinua
Santa Barbara zure bizitza A
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Txapelketetako Bilduma

1995-12-17 Donostia Txapelketa [Bertsoa] / Mikel Mendizabal, Jokin Sorozabal

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Sorozabal:
Zuk badakizu nola ni beti
pakezale izan naizen,
horrexegatik, soldaduskaren
aurkako sentitzen nintzen.
Zure jarreran ordez gurea
hori duin eta zuzen,
pauso txiki bat ematen bait du
besteak libra daitezen.(bis)

Mendizabal:
Erabakia hartua dezu
animatuz hortarako,
nik alderantziz, patrikatikan
ordaindua diot bapo.
Intsumisio bidea degu
saltsa ta zikintarako!
Peaje asko paga det bainan
libratu dut betirako.(bis)

Sorozabal:
Zure diruak egin duena
osa gauz hutsa deritzat,
zure semea libratu arren
soldaduskari gorantzak.
Hori libratu baina gerora
diraute arazo latzak,
piska piska bat saia gaitezen
ondoren datozenentzat. (bis)

Mendizabal:
Afera hori ez degu noski
bakarrik norberarena,
ondorengokin pentsatzeko ere
behar da izan kemena.
Behin betirako saltsak kentzea
ez al da gauza onena?
Diruarekin konpon liteke,
etikak ezin duena.(bis)

Sorozabal:
Eta dirurik ez daukatenak
nola heldu hortaraino?
Zu zeurekoia ez zaitez izan
ez izan hainbat engaino.
Intsumisio jarrera degu
hemen duina leporaino.
Hobe kartzelan bat norbait izan
libre ta ezer ez baino.(bis)

Mendizabal:
Lanpostu baten zai dago hori
ta ez al dezu ikusi,
hori baztertu ta lanai ekin,
ez al du horrek merezi!
Zuk semeari elkartasuna
diozu adierazi,
gero kartzelan sartzen dutenen
negarrez ez zaitez hasi! (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra