Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
1993-12-30 Elgoibar Jaialdia [Bertsoa] / Maialen Lujanbio, German Meabebasterretxea
Bertsoa entzun |
1993-12-30 Elgoibar Jaialdia [Bertsoa] / Maialen Lujanbio, German Meabebasterretxea
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Meabe:
Xebastianek nerbio danak
barruan zitun gordeta,
lasai joaten zan batekin eta
bestearekin hizketa,
baina akats bat ikusi nizun
ta jarri zazu arreta:
ez dituzula bate bereizten
saiuak ta txapelketa. (bis)
Lujanbio:
Ez zazu pentsa nere juzkua
hain seriua danikan;
uste aina ondo ez zinan ari,
hobe zera oraindikan
ta txapelketan egin zuena
Peñak egin zun lehendikan:
hirugarrengo gelditu baina
dena ahotsagatikan. (bis)
S.Lizaso:
Ez da gezurra, buila batzuek
Donostin nituen egin;
hala ta guzti hirugarrengo
hori neretzat atsegin,
baina indarrak itxuraz neurtzen
nik ordun ez nuen jakin:
goizez bentaja eman nioten,
gero harrapatu ezin. (bis)
Meabe:
Gure kixkurrak beti izan du
nolabaiteko dirdira:
Gernikan oso gora joan zen,
Eibarren jetxi erdira;
eta txapela ziur joango zen
aurtengo hontan Gabirira
jurauan zeuden zazpi lagunak
emakumeak balira. (bis)
Lujanbio:
Kattalineri beatzi puntun,
sentimentu denak pizten;
neska gazteak baba daiola,
ahorik ez zuten ixten.
Garai batean erori nitzan,
orain ari zera jeixten;
erromantiko itxura hori
iada ez dizut sinisten. (bis)
Murua:
Erromantiko edo eta ez,
zertan hasi berriketan?
Nahiko desastre ibili nintzan
Eibarko saio horretan,
eta Gernikan edota Bilbon
nahiko poliki benetan,
hurrengo urtean aterako naiz
Bizkaiako txapelketan. (bis)
Meabe:
Egañak saiorik saio
egina dauka azala,
baina Donostin hartu zunean
txapel beltzaren itzala
begibitara negar malkoak
heldu ziran berehala...
Dagoen gizon gogorrena ere
ederki biguntzen dala! (bis)
Lujanbio:
Faboritoan paperan ere
Andoni Egañan zetzan;
ez naiz irtengo bere bertso on
eta sakonen defentsan;
eta duda bat agertuko det
jendeak pentsatu dezan:
Egunkariko inozentada
inozentada ote zan? (bis)
Egaña:
Egunkarian azaldu zan, bai,
bere argazki ta guzi.
Oholtza atzean tipo gazte bat
ez al zenuten ikusi?
Aizu, Lujanbio, dudak uxatu,
hobeto zenuke kasi,
eta hik German nere doinuak
pixkat hobeto ikasi! (bis)
Meabe:
Peñak nolabait xarma izan du,
nik ez dizuet ukatzen;
baina jendea ez ote zaigu
hasi oraintxe nekatzen?
Anjel Mari, hik tipo hortatik
hasi behar dek apartatzen,
txapelketetan Peñakeriek
ez baitute puntuatzen. (bis)
Lujanbio:
Txapeldun hoiek presio pixkat
nahiz eta beti daukaten,
gure Peña hau horren nerbioso
ere ez da juan aurten.
Zergatik ez zun irabazi nahi
jakin det halako baten,
bi urte luzez nazkatu baita
"txapelduna naiz" esaten. (bis)
Peñagarikano:
Egia esan behar baldin bada
triste joan nintzen etxera;
oso urduri egon nintzela
eman dezu aditzera.
Lau urte barru ene, Lujanbio,
izango dezu aukera,
matraka latza zera zu baina
han urdurituko zera. (bis)
Peñagarikano:
Batzuk aurrean geratu ziran
eta ni oso atzean.
Peñakeriak aipatu ditu,
min eman dit bihotzean
Aizazu, German, hau esan eta
ez zaitez jarri letxean:
pixkat gehiago ikasi arte
geratu zaitez etxean. (bis)
Lujanbio:
Gure kritika egin degu ta
Peña etorri korrikan,
harrokeria azaldu digu
baina ia alperrikan,
eta bi bertso bota dizkigu
berak bakar-bakarrikan;
lasai, ez dezu badakizula
demostratu beharrikan.(bis)
Meabe:
Peñagandikan entzun dugu guk
orain horrenbeste ale;
emantzailea izan naiz baina
baita ere ni hartzaile;
baina, Peña, zu nola zeraden
harrokeri orren zale,
harrokeria izaten baida
ezintasunan seinale.(bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra