Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2009-12-29 Elgoibar Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2009-12-29 Elgoibar Jaialdia
Gai-emailea
Agirreazaldegi Garzia, Irati
Bertsolariak / Egileak
Alberdi, Uxue
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Uxue, hamasei urte dituzu eta ez zaude batere gustura zure itxurarekin. Gaur goizean, jaiki zarenean, Maialen amarengana joan zara, eta operatu egin nahi duzula esan diozu.

Deskribapena

Doinua
Beti penetan beti penetan
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2009-12-29 Elgoibar Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M.Lujanbio:
Zure buruai begira beti
ze animo desgastea!
Zure iztarrak zure bularrak
dena dela desastrea...
Neska sasoiko ta fina zera
ederra eta gaztea
kentzea baino hobe ez al da
begiratzen ikastea?

U.Alberdi:
Bai agian bai izan liteke
baina ama ze topiko...
Ispilu aurrean jartzen naiz eta
nik ezer ez det begiko:
izter haundiak bular haundiak
ezer ez bere neurriko
eta agian errezena da
pagatu, kendu ta kito!

M.Lujanbio:
Baina nongo modelo batengan
daukazu zuk begirada?
Bere ispilu izan nahi dezu
bere neurrien islada.
Nik ere badet nere gabezi
ta nere mixeri karga
hemen gustoko ez danakin'e
bizitzen jakin behar da.

U.Alberdi:
Baina halere ez nago pozik
ama inondik inora
nire helburua ez da iristea
eredura, modelora.
Baina halere ja nere kontra
hasi daiteke denbora
eta gustora bizi ahal badut
zertan bizi disgustora?

M.Lujanbio:
Operazio bat baldin bada
zuretzako paradisu
labana eta bisturiakin
ez baldin bazera izu
orain dezuna ez dezula nahi
argi baldin badakizu
gero konforme egoterikan
zeinek ziurtatzen dizu?

U.Alberdi:
Egia esan hori ere ez da
izango gauza ziurra
koipea kendu eta gerora
aterako da zimurra.
Nahiz eta orain kendu nahi nukeen
sobratzen zaidan apurra
onartua ez izatea da
ama daukadan beldurra.

M.Lujanbio:
Zure buruai zenbat burla ta
zenbat keja ta mesprezu...
Behera begira jartzen zera ta
dena tatxa dena kexu...
Besteek zutaz zer esango duten
beti kezketan zaude zu
besteek ere maiteko dute
zuk maite baldin badezu.

U.Alberdi:
Ez nago oso seguru baina
oraingoz egongo naiz zai
nahiz ta oraingoz ni ez sentitu
eder, apain eta lasai
izan nahi nuke nere buruai
ondo begiratzeko gai
baina oraingoz fuera ispiluak
ta telebista ere bai.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra