Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2010-08-13 Baliarrain Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2010-08-13 Baliarrain Jaialdia
Gai-emailea
Agirre, Amaia
Bertsolariak / Egileak
Arzallus, Amets
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Mendi edo harkaitz handi baten alde banatan zaudete. Elkar topatu nahian, zuen arma, zuen irudimen, alde banatatik hasi zarete zulatzen; elkar entzuten duzue, baina ez duzue elkar ikusten. Zu, Maialen, Euskal Herria zara, eta zu, Amets, independentzia.

Deskribapena

Doinua
Ludi bizitza abesti gozoz
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2010-08-13 Baliarrain Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Maialen Lujanbio

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M. Lujanbio:

Bide ilunean abitu nintzen
ilunegia aukeran
askon ustetan beti nahiz egon
egun haundian bezperan
urte gehiegi daramatzat ja
itsu satorren tankeran
ia zalantza ere badaukat
existitzen ote zeran.


A. Arzallus:

Zure ahotsa ailegatzen zait
beraz existitzen naiz bai
nahiz ta herriak maiz esan didan
“Nigana abiatu hai”
baina lurpeko askatasunik
hori inork ez luke nahi.
Ni aspalditik hementxe nago
zu noiz ailegatuko zai.


M. Lujanbio:

Ta bitartean pasatzen dira
autobideak ta trena
Euskal Herrian ni zuregana
iristea da zailena
nahiz eta gure bidean egin
ohi degun ahal degun dena
bada baten bat zuloa ein ahala
lurra botatzen duena.


A. Arzallus:

Bat baino askoz gehiago dira
horixe da gurutzea
hola zaila da tunel bat egin
ta biak besarkatzea
gu harkaitz baten bi alde gera
ni aurrea zu atzea
ez al da hobe harkaitza ahaztu ta
mendi puntan elkartzea?


M. Lujanbio:

Arrazoi dezu ta beti gabiltz
maldan gorako obretan
beti biderik zailenetatik
ta malkar derrigorretan
ezin iritsiz nola nabilen
ametsarekin zorretan
bien bitarte kontatuidazu
zer dago alde horretan?


A. Arzallus:

Alde honetan aspaldi ez du
giro onikan egiten
laino pila bat ikusten ditut
eguzkirik ez da irten
eta zeruko brisa gandua
begietatik ezin ken
hartza bezela lo nago hemen
udaberria itxoiten.


M. Lujanbio:

Eta herrenkan hainbeste negu
udaberri baten truke
hemen bakoitzak bere aldera
bide-urratzen dihardute.
Zureganaino helduko gera
hori badakizu zuk’e
esku guztiek norabide bat
adosten baldin badute.


A. Arzallus:

Esku guztiek egin behar dute
aztarri hemendik hortik
baina hemendikan bakarrikan ez
lan egin behar da kanpotik
ta askatasun tunel berri bat
iritsi da Kosovotik
hemen ezin bada abiatu
han egindako zulotik.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra