Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Juan San Martin

Datu pertsonalak

Izena
San Martin, Juan
Jaiotza
1922 Eibar + Eibar < Debabarrena < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
2005 Donostia + Donostia < Donostialdea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Antolatzailea
Jarduerak
Epailea

Datu biografikoak

Biografia
Eibarko Elgeta kaleko jaiotetxean egin zituen bizitzako lehen 14 urteak, 1936ko gerra piztu arte hain zuzen. Aita eskopeta-egilea, Errepublikaren alde armagintzan aritzera joan zen Valentziara, eta ama eta lau anai-arrebak Bilbo, Arratia, Santander eta Gijon-etik barna ihesi ibili ondoren, Bordelerantz itsasoz zihoazela ontzia frankistek harrapatu eta El Ferrol-era eraman zituzten, eta handik atzera Eibarrera. Morteroak egiten hasi zen lanean eta, berehala, mekanika lanbideari heldu zion (OJMAR lantegia); egunez lana egin eta gauez joaten zen eskolara. Irakurle eta mendizale amorratua.

Soldadutzan (Madril eta Burgos) jasandako euskaldunen kontrako irain eta mesprezuen aurkako erreakzio gisa erne zitzaion euskaltzaletasuna, eta euskaraz bere kasa alfabetatzeari ekin zion. Imanol Berriatuaren Anaitasuna eta Jokin Zaitegiren Euzko Gogoan idatzi zituen bere lehen artikuluak (1950 hamarkada hasieran) eta euskal aldizkari gehienetan idatzi du geroztik (Euzko Gogoa, Olerti,Egan, Zeruko Argia, Jakin ...). Gerra osteko diktadura garaian argitaraturiko artikulu gehienak ezizenez sinatzen zituen: Otsalar, J.Egiguren, Egigurendarra, Auñamendi, Kirolzale, Giovanni ..; eta alor asko landu ditu bere liburugintzan : hizkuntza, literatura (olerkia , ipuia , narazioa ...), etnologia, artea, umorea ... Egan aldizkariko zuzendari izan zen (1983-89).

Eibarko Ikastolaren sortzaileetakoa (1959). Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1957an; Euskaltzaindiaren Lagunak mugimenduaren sortu zuen 1959an; euskaltzain oso egin zen 1964an; Euskaltzaindiako idazkari izan zen 1967-1978 tartean, Euskaltzainburuorde 1988-1989 bitartean eta batzorde ekonomikoko arduraduna ere izan da. Euskal Autonomi Erkidegoko Ararteko izan zen 1989-1995 urteetan zehar eta Europar Ombudsman Erakundeko buru ere izan da (1994-95).