Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Xabier Amuriza

Datu pertsonalak

Izena
Amuriza, Xabier
Izen abizen osoak
Amuriza Sarrionandia, Xabier
Jaiotza
1941 Etxano + Etxano < Zornotza < Durangaldea < Bizkaia < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria
Jarduerak
Bertso irakaslea
Bertso-jartzailea
Epailea
Eragilea
Ikerlaria

Datu biografikoak

Biografia
1941eko maiatzaren 3an jaio zen, Zornotzan (Bizkaia). Idazle, kazetari, irakasle eta bertsolari lanetan aritu izan da; 2016an utzi zion bertsolari jarduerari. Hainbat liburu eta disko argitaratu ditu, horietatik asko bertsolaritzari buruz. Kantarientzako ere letra eta bertso asko egin ditu. 2019an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eskuratu zuen: "Bertsolaritza modernoaren erreferente argia" izatea eta "berritu eta alor askotan aurrendaria" izatea azpimarratu zuen epaimahaiak.

1965ean apaiz egin zen, eta, 1968tik aurrera, Francoren diktadura garaian, zazpi urte egin zituen preso, hiru espetxealditan. 1976an utzi zuen apaizgintza. Politika arloan urte luzeetako militantzia eraman du aurrera.

Ekoizle emankorra, bertsoaz gain beste genero asko landu ditu. Bertsoa plazaratu eta bertsolaritza hedatzeko era asko frogatu ditu, eta askotan aitzindari izan da: "Herriz herri" bertso jarrien emanaldia (1978-1981), "Laurehun herri, mila bertso berri" argitalpenaren oinarri izango zena; 90eko hamarkadan, saio integrala bezala bataiatutakoa, gai-emailerik gabeko saioak bultzatu zituen; Xalbador bat-bateko mirakulua (1999); Lazkao-txiki bat-bateko sorgina (1999)....

Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980an eta 1982an. 1980ko txapelketan, berritasun handia ekarri zion bertsogintzari. Haren hizkera, irudi eta metafora-mundua eta, oro har, bertsoak egituratzeko modua bereziak ziren, ordu artekoak ez bezalakoak. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: estrofa eta doinu asko sortu zituen, ordu artekoetatik oso desberdinak. Amurizarekin, bertsolaritza beste aro batean sartu zen.

Bera da urte haietako bertso-eskolen eragile eta irakasle nagusia ere. Bertsolaritzari iraultza ekarri zion 1981-1982an bere trilogiarekin ("Hitzaren kirol nazionala" (1981); "Hiztegi errimatua" (1981); "Zu ere bertsolari" (1982): "berezkoa"-ren mitoa hautsi zuen, bertsoa eskuragarri bihurtu zuen "zu ere bertsolari" esanaz eta bertsoaren barruak azaleratuz. Bertsolaritzaren aro berria erakarri zuela esan ohi da. 1980ko hamarkadako helduen bertso-eskola mugimenduaren sortzaile eta eragile nagusitzat har daiteke.

Bat-batean txapelduna, bertso-jartzaile maisua, bertsoaren barne egitura ordura arte beste inork ez bezala aztertu eta agertu dituena, bertsolari eta bertsozale askoren eredu ... Bertsolaritza modernoak izan duen figura nabarmenetakoena, erauztezina, ezbairik gabe.

Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
6 urterekin, aitarekin, Etxanoko Azutzaganeko tabernan Bizkargiko Santa Kurtzetatik bueltan, eta Epeltze auzoko San Antolinetan.
1966an, Gizaburuagan, Abel Muniategi lagun

Beste lanak

Bertso jarri ezagunenak
Galizianoen bertsoak (jarritako 2. sorta, aitaren eskariz, aitak kantatzeko)
Kalista eta Patxiko (jarritako lehen sorta, Seminarioan kantatzeko, 17 urte zituela)
Txepetxa eta kukua (jarritako 3. sorta; seminarioan)
Zamorako espetxean jarriak