Jaio 1930-08-18
Ziortza-Bolibarren (Bizkaia) jaio zen 1930eko abuztuaren 18an. Gutxira Markina-Xemeingo Iruzubieta auzora joan ziren eta han igaro zuen haurtzaroa. Fraile Pasiotarrekin egin zituen ikasketak: Gabirian, Angoston, Tafallan eta Urretxun. IKasketak amaituta, Urretxun eman zuen meza berria, 1954an. Deustuko Pasionisten konfgregaziora bidali zuten lehenik eta, han, elizbarrutiak eskatutako ardura handiko eginkizun ugari bete ondoren, 1978an, Mañaria eta Izurtzako parroko izendatu zuten. Mañarian bizi izan zen orduz gero ia azkenera arte.
Gaztarotik bertatik izan du euskararen aldeko jarrera, euskarazko zenbait komunikabideen sorreratik hartu izan du parte (Arrate Irratia, Bizkaia Irratia, ...) eta hainbat lan plazaratu ditu euskaraz. Bertsogile trebea izaki sarritan b aliatzen zuen trebezia hori bere jardunean: elizako sermoietan, irrati-tarteetan, jende aurreko ekitaldietan, ... beti tartekatzen zituen zerabilen gaiari lotutako bertso bat edo bi. Fededuna eta euskalzalea, bi bideak uztartu ditu bere ibilian eta hor, bertsoa, mezu bide izan du beti: ezin konta hala bertso, mota guztietakoak baina nagusiki misiolaritza lotuak, idatzi eta argitaratu du.
1958ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan antolakuntza lanetan aritu zen, eta epaimahaiko kide ere izan zen. Geroztik, Euskaltzaindiaren eskutik 1960ko hamarkadan antolatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusi guztietako epaimahaikide izan zen. Lehen txapelketa hartatik 50 urtera, 2008an, horren aitortza egin zien Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Barakaldoko BEC-en jokatu zen finalean, orduz gero txapeldun izandakoei eta lehen saio hartako beste protagonistei, tartean Martzel Andrinuari, Balentin Lakak egindako eskultura emanez oroigarri.
Euskaltzain Urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak 1961eko abuztuaren 25ean eta, gero, Ohorezko Euskaltzain 2018ko azaroaren 23an.
1997az gero eta ia azken urterarte, Bizian Gora Eleizbarrutiko Nagusien Mogimentuko kontseilaria izan da, eta bertako arima Mila Egiguren eta Mari Angeles Angoitiarekin batera. Bizkaiko Elizbarrutiak "Karmelo Etxenagusia Saria" eman zion 2018ko apirilaren 13an.
2024ko urriaren 6an zendu da, 94 urte zituelarik.
Jaio 1943-08-18
Ondarruan (Bizkaia) sortu zen 1943ko abuztuaren 18an. Arrantzale Eskolan (eskola peska) itsasontzi-mekanika ikasketak egin eta langintza horretan jardun da Ondarruko portuan jubilatzeko unea heldu zaion arte.
Garaian beste asko bezala, lagunarteko giroan egin zuen lehen harremana bertsoarekin: bertso zaharrak kantatuz eta, tartean-tartean, bere batzuk sortuz.
1980ko hamarkada hasieran, Jose Luis Basterretxea "Altzalei"ren bultzadaz eta laguntzaz bertso-taldea sortu zuten Ondarruan: Jon Arrizabalaga "Arri", Liborio Urrutia, Olaetxea, Jose Artetxe, "Botx" ... biltzen ziren "Altzalei"ren esanetara; Udaletxeko gela batean lehenik eta Kresala Elkartean gero elkartzen hasi ziren, eta abiatu berria zen helduen bertso-eskolen dinamika berrian murgildu ziren.
1981ean kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean, Ondarruako Berdura Plazan; Xabier Amuriza, Anjel Mari Peñagarikano, Kristina Mardaras, Justo Alberdi eta bertso-eskola kide Liborio Urrutia eta Jon Arrizabalaga "Arri" izan zituen kantukide.
Hamarkada horretako Bizkaiko txapelketetako kanporaketetan parte hartu badu ere, Ondarruko (Zapato Azulean, jaietako amnistia eguneko saioa, inauterietan, Santa Agedako koplari ...) eta inguruko herrietako bertsolarien arteko saioak (Lea-Artibaiko Bertso Liga; Amalloako goizaldeko txapelketa, ...) izan du bertsotarako gune, ia beti "Arri" ondoan duela.
Kantuan ez ezik, era guztietako bertso ekitaldien antolaketan jarduna da bertso-eskolako lagunekin: abuztuaren 17an arrantzale egunez kalez kalez egiten den saioa,, urtarrilaren 6an errege eguneko jaialdia ... Euskara, kultura eta bertsolaritza sustatzeko helburuarekin, Ondarruako Bertsozale Taldearen eratu zen 2003an eta bertako arduradunetakoa izan da iraun duen artean (2020).
Egindako lana eskertzeko omenaldia eskaini zien Kresala Elkarteak. 2015ean, Arri-Botx Gaztetxoen Bertsopaper Lehiaketa izenekoa jarri zuten abian Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, Ondarruako Udalak eta Ondarruako Bertsozale taldeak Jon Arrizabalaga "Arri" eta Jose Mari Aranbarri "Botx"en lana eskertzeko. 2017an, Antxoa Egunean, Zilarrezko Antxoarekin sariztatu zituen Ondarruako Udalak.
2025eko abuztuaren 9an zendu da Jose Mari Aranbarri "Botx", jaioterrian, Ondarruan, 82 urte betetzeko egun gutxiren faltan.
Jaio 1963-08-18
1963ko abuztuaren 18an jaio zen Gateizen (Araba). Etxekoen eraginez bertsozaletu zen. Aramaioko Bertso Eskolako kide izan zen eta Araban bertsolaritza sustatzeko ekimen ugaritan parte hartu zuen; Arabako Bersozale Elkarteko zuzendaritza kidea izan zen Gorbeialdeko ordezkari gisara 2012-2015 bitartean. Betsozaletasuna oinordekoei pasa zien eta horren lekuko da Peru, Sabin eta Martin semeen jarduna.
Euskaltzalea izaki, bertsolaritzaren alorrean egindako ekarpenaz gain, esku-hartze zuzena izan du euskara eta hizkuntza gutxituak indarberritzeko hainbat ekimenetan: Aramaioko Txirritola Euskara Elkartearen sortzaileetakoa izan zen; Goiena komunikazio taldearen sortze eta eratze prozesuan parte hartu zuen Txirritolaren ordezkari gisa; Fagor etxetresnak enpresako Euskara Planaren zuzendaria izan zen hainbat urtez. Bizitzako azken urtetan Garabide Elkarteko lan-taldean jardun zen hizkuntza lankidetzan.
2023ko abuztuaren 20an zendu zen 60 urte bete berri.