Hil 1951-11-09
Ikus wikipedian: http://eu.wikipedia.org/wiki/Resurreccion_Maria_Azkue
Hil 1994-11-09
Nikolas Hernandorena albaitari mendigorriarra (Nafarroa) eta Maria Pilar Barandiaran Zizurkilgo maistra legorretarraren (Gipuzkoa) semea. Bost senide zituen: Augusto, Isabel, Rosario Gerardo, Toribio eta Timoteo.
Bederatzi urte zituela Andoaingo apaiztegian sartu zuten (1907); lau urte geroago Gasteizko apaiztegira bidali zuten (1911-1915) eta hiru urtez filosofia ikasi ondoren teologia ikasketei heldu zien, baina urtebetera utzi eta Zizurkilera itzuli zen. Bere kasa batxilergoa amaitu zuen bi urtetan eta Zaragozara joan zen medikuntza ikasketak burutzera; bi urtetan gainditu zituen bost urtetako ikasgaiak (1917-1919). Basurtoko erietxean eta Villabonan aritu zen mediku. Villabonako aldiko azken bi urteetan odontologia ikasi zuen Madrilen; ikasketa hauek gainditurik, dentista izan zen ogibidez. Villabona eta Donostian izan zituen dentista kontsultak lehen urteetan.
Eusko Gaztedin bazkidetu zen eta Donostiako Irrati Nazionalean euskarazko irratsaioa lortu zuen (1931). EAJn afiliatu zen eta EGIko lehendakari izendatu zuten; gutxira, Gipuzkoa Buru Batzarreko kide izendatu zuten. Aberri Egunaren antolatu zuen (1933) eta Euzkadi 110 minutuko filme dokumentalaren zuzendari izan zen (1933).
Gerra tarteko, Ipar Euskal Herrira joan zen familiarekin (1937); Mercedes Albea Urrutia Villabonatarrarekin ezkondua (1929-01-10), bederatzi seme-alaba izan zituzten: Ana Mari, Miren (sortu berritan zendua), Miren, Amaia, Iñaki, Arantxa, Itziar, Gurenda eta Xabier. Ezpeleta, Azkaine eta Donibane Lohizunen bizitu ziren eta azken honetan jarri zuen bere dentista kontsulta. Lapurditik Parisera joan zen eta han bizitu ziren Hondarribira etorri arte (1948-1966); Hondarribian eman zituen azken urteak (1966-1994).
Euskaltzalea zen batik bat. Aitzolen jarraitzailea, Euskaltzaleak Elkarteko kidea, euskararen alde lan egiteko gaia zekusan bertsolaritzan. Gerra aurretik Euskal Herriko hegoaldean abiatutako egitasmoari jarraitzeko ardura bere bizkar hartu zuen Teodorok gerra ostean: egoera politikoak hala agindurik (diktadura hegoaldean, euskara eta euskal kultura osoki zokoratua eta erreprimitua) Euskal Iparraldean ekin zion, eta XX. mendeko Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren sustatzaile behinena dela esan daiteke ezbairik gabe.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri guziak miatu zituen bertsolari bila 1945-46an, II. Munduko Gerratea amaitu orduko; bertsolariak topatu, plazara eraman, eta sariketa eta saio ugari antolatu zituelarik. Fernando Aire "Xalbador" eta Mattin Trekuren eragile eta ezagutarazlea izan zen eta bertsolaritzak eman duen jenio handienetako baten, Xalbador, ezagutza ahalbidetu zuen. Ipar Euskal Herrian bertsolaritza sustatzeaz gain, gure mugaz atera eta Parisera eraman zituen bertsolariak (1958 eta 1961) erakusgarri, euskaldunak munduaren aurrean ezagutzera ematea zen bere nahikundea. Eta nahi horretan kokatu behar dira Euzkadi filme dokumentala (1933) eta Parisen antolaturiko bi bertso saioak besterik beste.
Egunkari zein aldizkarietako artikulista eta kolaboratzaile emankorra izan zen gerra aurretik zein ondoren, euskal gaiez (Herria, Elkar, Principe de Viana, Deia) eta pilotaz (El Diario Vasco) beti ere.
Iturria:
- Haitzondo egitasmoa, Bertsozale Elkartea.
- Wikipedia: https://eu.wikipedia.org/wiki/Teodoro_Hernandorena
Hil 1893-11-09
Altzoko Legarre baserrian (Gipuzkoa) jaio zen 1811ko maiatzaren 19an. Artzadun baserriko Maria Paula Jauregirekin ezkondu zen 1836ko agorraren 22an, eta bost alaba eta hiru seme izan zituzten. Ezkondutako urtean pago-landare bat aldatu zuen Imazek Basaitz mendian, Gaztain-motzeta deritzan basoan. "Imazen Pagoa" izenez ezagutzen da pago hau, egun; Babestu beharreko zuhaitz berezien zerrendan sartu zuen Eusko Jaurlaritzak 1997an. Arreta handiz kontu egiten omen zion Manuel Antoniok. Zenbat loditzen ari zen ikusteko, tarteka, gerrikoa erantzi eta neurtu egiten omen zuen. Gero, etxea joan eta kupela neurtzen omen zuen, eta hala antzematen zion zenbat irabazi zuen azkenekotik. Diotenez, halaxe egin zuen hil zen aurreko astean.
Bertso-jartzailea zen, litekeena da bat-batean ere aritzea, baina bertso paperetan utzitako emariagatik pasatu da historiara. Bertso-jartzaile oparoa eta ezaguna izan zen. Hala esaten omen zuen Pello Errotak, Asteasuko bertsolari handiak: "bertso jartzen gu ez gera Imazen zapatak lotzen asteko ere!". Elizondoko Euskal Festetako poesia txapelketan (1879), Darrupe-Harluz urruñarrarentzat (Urruina, Lapurdi) izan zen lehen saria eta ohorezko aipamena jaso zutenetakoa izan zen altzotarra.
Bertsoak jartzeko grinak eraginda, baserriko edozein langintzara zihoalarik ere, patrikan lapitza eta papera hartuta joaten omen zen. Eta bertsoa bururatutakoan, lanari utzi eta eskribitu egiten omen zuen. Ama gogotik haserretzen zitzaion horregatik itxura denez, eta errietan egiten omen zion: " iri eskola aundia ematen or aritu gaituk, eta orain eztiguk lanik batere egiten, bertso eskribitu besterik ez dakik eta!". Behar bada hala izango da, ez zela baserriko lanetarako langile aparta izango alegia. Baina bertsolari langilea izan zen.
Erlijio-gaia duten bertso sortak dira ezagutzen zaizkion gehienak. Honen zergatia azaltzeko Antonio Zavalak hiru arrazoi ematen ditu: nagusiak agindu ziolako (maizterrak ziren), Tolosako Erretoreak agindu ziolako, eta bere barruak hala agintzen ziolako. Dena den, bestelako bertsoak ere jarri zituen baina gutxi batzuk izan ezik ez dira ezagutzen. Itxura denez, erlijio-gaia zutenei bere izena beti jartzen zien, ez ordea istilurik ekar ziezaieketenei: neska-mutilen arteko bertsoei, gerra garaikoei… 1858koa da ezagutzen zaion bertso-sorta zaharrena, eta orduz gerozkoak erlijio-gaikoak dira ia denak, baina segurutzat jotzen du Zavalak lehenago idatziak izango zituela.
Antonio Zavala bertso-biltzaile handiak lekua egin zion bere Auspoa sailean, eta bere bizitzako pasarte nagusiak eta bertso bilduma jasotzen duen liburukia argitaratu zuen 1967an (Auspoa 68-69-70). Bertatik hartua da hemen bildutako informazioa.
Jaiotako toki berean, Altzoko Legarre baserrian, hil zen 1893ko azaroaren 9an, 82 urte zituela. Herriko eskolari, "Imaz Bertsolaria Eskola" izena jartzea erabaki zuen Altzoko Udalak 1981 urtetan, eta izen hori darama orduz gero Altzoko herri-eskolak.