Bertsos - View details To know more about this section
2012-12-23 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Andoni Egaña
Bertsoa entzun |
2012-12-23 Azpeitia Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Andoni Egaña
Stanza name:
Zortzikoa, handiaren moldekoa, 4 puntuz (hg) / Lau puntukoa, handiaren moldekoa (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Arzallus
Ez dago garai bateko
predikadore apaizik
nahiz orain politikoek
predikatzen duten pozik
egi osorik ez dut sinisten
nik baden halako gauzik
ez dago egi absolutorik
bakoitzak berea baizik.
A. Egaña
Gaur ez gera tonto tuntun
edota asko jakinak
helmuga erakusten du
erlatibotasun finak.
Ahaztu ditzagun borobiltasun
predikuak ta dotrinak
gezur guztiak igualak dirak
egi danak desberdinak.
A. Arzallus
Egi bakoitzak nola dun
sortzailearen zoria
gezurretan berriz libre
ibili ohi da txoria.
Nahiz eta nahi den kontakizun bat
ta adostu memoria
gezurrez betea egon da beti
egiaren historia.
A. Egaña
Nabarmena historian
bedegula gezur pila
egia ez da tamalez
bakarra ta borobila.
Egi puntta bat bada ordea
argi geratu dadila
bat hartu eta joan gaitezen
egi muttur horren bila.
A. Arzallus
Lehen bertsolari onenaz
bazidaten nei galdetzen
esan nezakeen Egaña
has nintekeen zu omentzen
edo Maialen edota Joxe
segitzen dut nik zabaltzen.
Aizu norbere egia ere
beti joaten da aldatzen!
A. Egaña
Gaztetan aipatzen nuen
nik Amuriza laztana
Lazkano imitatzeko
egin nuen gero plana
gero Maialen mirestu izan det
hau da bihotzez esana
eguna noizbait heldu daiteke
"Amets" esango dedana.
A. Arzallus
Adarra jotzen ari da
hitza isuriz eztulka
bere barruan halako
pentsamendurik ez du ta
baina hala ere aditu dizut
irripartsu ta poztuta
zoriontsua izan daiteke
hiru gezur sinestuta.
A. Egaña
Serio hasi gera gu
egiaz eta gezurrez
bertsolarien izenik
ez det kantatu aldrebes
esandakoa zinez esan dut
ez gaizki hartu mesedez
egi-egia ez gendun baina
gezur-gezurra ere ez.