Bertsos - View details To know more about this section
2013-07-16 Markina-Xemein Jaialdia [Bertsoa] / Iratxe Ibarra, Fredi Paia
Bertsoa entzun |
2013-07-16 Markina-Xemein Jaialdia [Bertsoa] / Iratxe Ibarra, Fredi Paia
Stanza name:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
F. Paia
Nahiz jakituna ez izan oso
bolleriaren zientziaz
ideia batzuk botako ditut
nire izaera nagiaz.
Askok daukagu sukalde armairu
bete galleta Mariaz
ta denboragaz bigundu ohi naz
esnearen nostalgiaz.
I. Ibarra
Beraz bigundu egiten zara
denporaz ta nostalgiaz
eta besteok barriz ez gara
bigun mantentzeko kapaz.
Arazotxoa daukazu antza
neuk legez zuk esneagaz
nik esneagaz pentsatze hutsagaz
gogortu egiten bainaz.
F. Paia
Gure amamek sukalde bete
galleta zuten uneka
mendeetan zehar galletalogiak
eman ditu ehun buelta.
Ni biguntzen naz jaten nauena
ere bigunduz tarteka
gauza bat galleta Maria da
bestea maria galleta.
I. Ibarra
Liburuetan be Magdalena
dabil lehenengo ileran
nahiz ta batzuek nire lakoa
gurago daben aukeran.
Beti negarrez ibili ohi naz
beti kejaka ta teman
ta historia aldatzearren
gogortzea pentsau neban.
F. Paia
Hasia naiz ba zeozer ulertzen
gaur zurekin hara hara!
Zita bibliko bat ekarria
duzu bertatik bertara.
Hura negarrez zebilelako
zu gogortzen omen zara
orduan zure gogortasuna
jarrera feminista da.
I. Ibarra
Beti negarrez ezin da egon
hoba barrea, algara
ta aldatzea pentsatu neban
egun baten beharbada.
Zuk dinozun lez igual batzutan
hau jarrera hori bada
baina txokolatetan bustita
agudo biguntzen gara.
F. Paia
Ta zer gehiago esan litekeen
hementxe nabil ezbaian
bolleriaren transformazioei
zentzu bat aurkitu nahian.
Azken bertso bat abestuko dut
entzuleak uler daian:
barkatu otoi ni jaio nintzen
txokokrispien garaian.
I. Ibarra
Halan ta guzti gozetan doguz
hainbat jenteren barrenak
gu jan ostean uxatzen dabez
hainbatek barruko penak.
Beraz alperrik gogortu eta
biguntzeko emon ordenak
jan daiazala napolitanak
gu maite ez gaituenak!