Bertsos - View details To know more about this section
2015-12-26 Ordizia Jaialdia [Bertsoa] / Nerea Elustondo, Oihana Iguaran, Alaia Martin
Bertsoa entzun |
2015-12-26 Ordizia Jaialdia [Bertsoa] / Nerea Elustondo, Oihana Iguaran, Alaia Martin
Stanza name:
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Martin
Ohore bat izan zen
gu guztiontzako
begitatik suizida
iheska bost malko
berak oholtzan ikusiz
han hiru neskato
lehen ez zegoen baina
badago biharko
lehen ere bazegoen
baina oholtzaz kanpo. (bis)
O. Iguaran
Ze momentu aitzean
Inaxin bihotza
kantuz zapaltzen eta
betetzen oholtza.
Neri`re begitatik
jarioan poza
baino oholtzan nahi degu
denak ta bakoitza
ezin degu imitatu
Inaxin ahotsa. (bis)
N. Elustondo
Guk Inaxik bezela
nahi genuke kanta
bainan garai berritan
sartuak gera ta
bide berria egin
behar harrapaka
lehen ez zirela izan
gezurrak lagata
izan baziren baina
nork entzuna falta. (bis)
A. Martin
Nahiz izan aski gogo
ta aski gaitasun
nahikoa norabide
ta nahiko nortasun
baserriko hormatan
bakarrik oihartzun
sorgin gurpilak zuen
berez nahiko zentzun
emakumek esan ta
emakumek entzun. (bis)
O. Iguaran
Behin Egañak esana
nik gogora alai
lehen gaitzat hartzen ziren
baino baziren gai
nahiz ta isiltzeko esan
hortan hainbat garai
“Plaza artean nahi det”
nago entzuteko zai
ze nik kantatu nahi det
baino entzun ere bai. (bis)
N. Elustondo
“Lehenago gai zirenak
orain beraiek gai”
nahiz ta esaldi hori
geratu oso guai
ez da guztiz egia
ta ez gaude lasai
hemen gizon gehiago
baitaude nolanahi
eta tamalez zuen
artean ere bai. (bis)
A. Martin
Parekidetasuna
lehenengo helburu
mundua ez da eta
denontzako mundu.
Berdinduz joan dadin
segunduz segundu
orekatuz joan dadin
kopuruz kopuru...
Usarralde oholtzatik
jeitsiko al dugu? (bis)
O. Iguaran
Dena ekarri nahi dugu
pareko neurrira
baino sexua zer da?
Galdera hori da.
Bereizkeria igual
alperrik da tira!
Nik ez det nahi oholtzatik
inoiz erretira
ta behar dudan oro
belarriak dira. (bis)
N. Elustondo
Nahiz ta hemen ez degun
pintatu itzela
badakigu mundua
kanbiatzen dela
ta aurrerapauso batzuk
ere eman direla
baina apar artean
lokartu ordez bela
ez ahaztu egiteko
asko dagoela. (bis)