Bertsos - View details To know more about this section
2021-08-20 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Miren Artetxe, Maialen Lujanbio
Bertsoa entzun |
2021-08-20 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Miren Artetxe, Maialen Lujanbio
Stanza name:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
M. Lujanbio
Tiradunak eta galtza motzak
ez dakit nun zun kaltea
baina ama leporatzen zenidan
neri lata ematea
gaur zerua dago urdin-urdin
eguzki bete-betea
eta gorputzak zer eskatzen dit?
Hanka hutsik joatea.
M. Artetxe
Azkenaldian beti goizero
lata ematen jo ta su
orain artean horren eskean
gogor ibili zara zu
sandaliak ere ederrak dira
eta ipini itzazu
eta gauza bat: galtza motz hoiek
alderantzian dauzkazu.
M. Lujanbio
Alde erantzian edo zuzen
bere oihal, bere margo
nik hauetxek ibili ditzaket
gau ta egun, aroz aro
hotza zaharren inbento bat da
hori oso garbi dago
haurrak ibil gaitezen lotuta
eta deserosoago.
M. Artetxe
Ze gogoeta ateratzen den
aho txiki horretatik
zortzi urteak pasatu dira
ziztu bizian tiktaktik!
Nudistaraino joango gara
eta orduan badakit
guzti guztiak jantziko ditu
kontra egiteagatik.
M. Lujanbio
Nudistan jantzi egin behar da
ondo egitekotan dana
kale aldean berriz biluztu
kontra egiteko plana
zortzi urte bakarrikan dauzkat
eta hau da panorama
ja nirekin lotsatzen bazara
preparatu zaitez ama!
M. Artetxe
Ume honi eskua eskeini
eta hartzen du besoa
ume honekin alperrik dira
guraria, errezoa
alperrik dira mediumak edo
goizez doble espresoa
nahiz psikologia inbersoaren
psikologia inbersoa.
M. Lujanbio
Nere amak hola esplikatzen ditu
teori eta fantasi
nik ezer ez diot entenditzen
berak ere kasi-kasi
zure zapata eta zure takoi
zure blusa, zure jantzi
suertea duzu ni komentatzen
oraindik ez bainaiz hasi.
M. Artetxe
Ai ama! Garai gogorrak datoz
ta ze beldurra biharko
orain oraingoa daukat eta
nik egokitu beharko
umeei bezala esango diot:
orain kasketa horiek papo!
Jantzi galtzak eta sandaliak
zure ama naizelako!