Bertsos - View details To know more about this section
2024-11-17 Oiartzun Txapelketa [Bertsoa] / Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka Mayoz
Bertsoa entzun |
2024-11-17 Oiartzun Txapelketa [Bertsoa] / Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka Mayoz
Stanza name:
Zortzikoa, berdinaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, berdinaren moldekoa (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
B. Gaztelumendi
Haseran ginen nerabe
lotsati eta herabe
gero guraso izan nahia zen
egin gure jabe
sofan mantapean bare
gertu-gertu, parez pare
haurra ez zaigu etorri baina
gu hementxe gaude. (bis)
A. Labaka
Abortu bat arriskutsu
nahiz ta gu saiatu sutsu
azkenerako kuleroetan
zenbat odol putzu
orain ondoan zaitut zu
gazteak gera ze luxu
esan didate “lasai beste bat
edukiko duzu”. (bis)
B. Gaztelumendi
Udazkeneko orbela
leiho atzean hor dela
izan ez arren jakin ondoan
egongo naizela
bizi izan dugu horrela
tabu bat balitz bezela
gero jakin dut beste askori
gertatu zaiela. (bis)
A. Labaka
Hala ondorioztatzea
mina balioztatzea
tabua denez normala Beñat
guri kostatzea
espero zen ospatzea
ta ez min hau hozkatzea
baina batzutan zeinen zaila den
hau ahoskatzea. (bis)
B. Gaztelumendi
Bai ederki da kostatzen
gertatua ahoskatzen
azalez, begiz eta ahotsez
saiatzera goazen
gu ametsak proposatzen
sendatzen eta osatzen
ta bitartean segi dezagun
zauri hau goxatzen. (bis)
A. Labaka
Fetua ezin errolda
barrua lokatz estolda
indartu gera, goxatu gera
hala izango da
bilduz elkarren ondora
ilbehera edo ilgora
berriz saiatu aurretik hartu
dezagun denbora. (bis)