S. Colina:
Kaiola beti kaiola
bertan zorne dariola
dugu alaba potxola.
Epaitegitik pasa behar du
astearte hontan hola
ta iruditzen zait guztia aurrez
erabakita dagola. (bis)
M. Lujanbio:
Erabakita dago ta
deus onik ez zaie opa
zigortu eta gorrota.
Polizia bai libreki dabil
sarri iritzien kontra
hain librea ta horren batua
hona hemen dugun Europa. (bis)
S. Colina:
Ez dut konprenitzen aise
garun zulotan ze haize
bihotzean ze oinaze!
Arrazoi duzu Europa deitzen
duten tristura da hauxe
nun pertsona bat saldu litekeen
merkantzia bezalaxe. (bis)
M. Lujanbio:
Eingo dutela apostu!
Ez zaie odolik hoztu
ta horrek badu nahiko kostu.
Delako justizi horren ezpatak
ahoa oso zorrotz du
politika egiteko eskatu
ta gero hegoak moztu. (bis)
S. Colina:
Egonagatik ziegan
bakarrik ta gose greban
lehen beste askoren eran
hegoak moztu dizkiote bai
hilabete hasieran
baina iparra garbi duenak
beti segitzen du hegan. (bis)
M. Lujanbio:
Egurra bero-beroa
zernahitako jeneroa
kartzela ta endredoa!
Baina aroa aldatzen ari
ja ez da izango lehengoa.
Ia ba laiste aurkitzen ditugun
Iparra eta Hegoa! (bis)
S. Colina:
Hoiek elkartzea fite
nahiz eta nahi nukeen nik’e
zenbat buru eragite!
Frantzia eta España artean
ene zenbat fraternité!
Baina kartzelan sartu dituzte
liberté ta égalité. (bis)
M. Lujanbio:
Ai pakearen usoak
ze ikusmira lausoak
bortxaketa, erasoak!
Guantanamora ta Libiara
maiz luzatzen dira soak
baina zailago dira ikusten
etxepeko arazoak. (bis)
Jaio 1905-02-19
Ximun Ibarra nafartarra oihanetako langile eta ikazkin zen Iratin. Teodoro Hernandorenak han aurkitu zuen 1946an Goikoetxearekin batean, Ipar Euskal Herri osoan zebilelarik bertsulari bila Donibane Lohizuneko sariketa antolatu nahian.
Publikoan agertzeko uzkur baitzegoen Sunbillarra, Hernandorenak Zubikoa izengoitia edo izenordea eman zion lasaitzeko. Alabaina, Ibarra neguan Sunbillara itzultzen baitzen, euskararen kontrako erasoetaz beldur zen.
Bankan "Behereko-borda" baserrian bizi zen. 1955an Petra Telletxea bankarrarekin ezkondu eta 2 seme-alaba ukan zituzten.
Bertsulari alaia eta trebea zen, gehien bat Hernandorena sariketetan eta Nafarroako txapelketan ariko dena. Xalbador gaztea zelarik oraino, aitortu zuen zertxobait maisutzat zaukala.
Zubikoa 1979an zendu da. Xuxen bi urte beranduago, Bankako herriak omendu zuen, 1981ko maiatzaren 17an.
Informazio gehiago: SOULE, Beñat. "Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez", Euskaltzaleen Biltzarra, 2011.
A. Donostiak beste bertso batzuez jantzita dakar; "Arrosarik ez da arantzarikan gabe".