Hil 2018-11-14
Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen 1967ko ekainaren 21ean familia euskaldun eta euskalzale batean. Joxemari Sarasuaren eta Mertxe Maritxalarren sei semeetan hirugarrena da. Loramendi Ikastolan (Aretxabaleta) eta Almen Ikastolan (Eskoriatza, Gipuzkoa) egin zituen batxilerra amaitu arteko ikasketak; Ingenieritza Teknikoa ikasi zuen gero (Arizmendiarrieta eskola politeknikoa, Arrasate) eta Irakaskuntza ikasketak egin zituen aurrerago. Ikasketak amaituta, diseinatzaile lanetan urtebete jardun ondoren, irakaskuntzan hasi zen: Almen ikastolan lehenik eta Ganboko Xalbador ikastolan gero; laneko azken urteak Seaska ikastoletako pedagogia alorrean jardun zuen, Euskaraz Bizi proiektuaren arduradun. Maiana Laskarairekin ezkonduta, bi alabaren aita, Itsasun (Lapurdi) bizi izan da 1995az gero. Bertsolariak ditu Jon Sarasua Maritxalar anaia eta Maddi Sarasua Laskarai alaba.
Almen ikastolan Joanito Akizuk, Patxi Goikoleak eta Xanti Iparragirrek abiatu zuten bertso-eskola aitzindariko lehen taldeko kidea izan zen bere anaia Iñaki eta Jon, Arantzazu Loidi, Jon Iñaki Izartzelaia, Felix Iñurrategi, Luis Mari eta Jenaro Gabilondo anaiak, Danel Goikolea eta beste hainbatekin batera. Talde horrek egin zuen ibilbideari jarraitu zion: Almen ikastolako geletatik Apotzagako Hauzo Etxe elkarteko bertso-eskolara lehenik, jendaurrera ohitzeko bertso zaharrak kantatuz herriz herriko ibilia gero, eta, azkenik, bat-baterako jauzia Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.
Lehen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan (1981) kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean, bat-batean, txikien mailan. Hamahiru urte zituen. Gero, Eskolarteko Txapelketan ez ezik, garaiko gazte-txapelketa askotan hartu zuen parte: Lizardi, Xenpelar, Osinalde, Atxanberri eta Patxi Errota, Leinzko Bertsolarien txapelketa ... Goi-mailako ikasketa aroan, sakabantu egin zen Apotzagako talde hura eta Arrasateko AEDko bertso-eskolako lagunartean asetu zuen bertsotarako grina. Bertsolari bizia eta jendartetasun handiko izaki, egin zuen bere tokia ohiko plazetan eta jaialdi entzutetsuetan. 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan lortutako postuak aukera eman zion 1993ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko, eta finalaren atean gelditu zen sailkatzeko puntu bakar baten faltan.
Bertsolari bidean une onenean zenean baina, 1993 urtearen amaieran, "Von Hittel Lindau" gaitza (VHL, gorputzeko organoetan angioma kaltegarriak sortzen dituen gaitza) diagnostikatu zioten; gaitz oso ezezaguna, kalte handiak ekar ditzakeena, eta sendabiderik gabea artean. 1994an izan zuen lehen ebakuntza, eta beste asko etorri ziren gero. Bizkarrezur inguruan sortzen zitzaizkion, eta ebakuntza bakoitzak ahalmen fisikoa gutxitzea ekartzen zion. Plazako ibilia ia erabat uztea derrigortua geratu zen. 1998rako plazako mugimendu handietatik urrundua zen, baina lagunarteari eta bizi zen inguruko saioei erantzuten saiatu zen, batik bat, Ipar Euskal Herriko bertsolaritza sustatzeko giroari atxikita. Aurrez, 1994ko abenduan, anaia Jon eta berak ondutako "Fauna txiki bat bertso berritan" bertso-emankizuna aurkeztu zuten Durangoko Azokan, eta hainbat bertso berri sorta ez ezik, "Ursus tibetanus" sortarentzat ondutako doinu berria utzi zuen.
Gaitza gaitz, bere ekarpena egiten jarraitu zuen ahal izan zuen guztian: Itsasun bertso saioak antolatzen aritu zen; Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletan irakasle izan zen; Bertsularien Lagunak Elkarteko zuzendaritzan sartu zen 1998an, eta lehendakari izan zen (1999-2006); Bertsulari Gaztetxoen Xapelgoa eta Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketetako epaile izan zen urte askotan; gaztetxoen saioetako gai-jartzaile eta aurkezle ...
2018ko azaroaren 14an zendu zen Itsasun, bere etxean. Gogoangarria izan zen Itsasun eskaini zitzaion agur ekitaldia. 2019ko martxoan, Aretxabaletan, bere oroimenezko ekitaldia antolatu zuten bere lagunek . Ekitaldian besteak beste, Anje Duhalde, Mixel Ducau, Caroline Phillips, Maitena Beheran eta Xebastian Sedez musikariek; Miren Artetxe, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek eta Ildoka antzerki taldeak hartu zuten parte. Bildutako dirua VHL sindromea ikertzera bideratu zen; 2018. urtean, Sendabide elkartea sortu zen, VHL sindromea daukaten pertsonen elkargune izatea, gaitzaren ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzeko, eta gaixotasunaren tratamenduan aurrera egiteko ikerketa proiektua bultzatzeko helburuekin.
Bere omenez, Aitor Sarasua bertso-paper lehiaketa jarri du abian Bertsularien Lagunak Elkarteak, 2021 urtean. Hamasei urtez beheko gazteei dago zuzendua eta bi urtez behingo maiztasunez antolatuko da.
2024ko apirilaren 28an, Almeneko haur bertso-eskola haren sorreraren 50. urteurrenean, aitzindaritza aitortuz eta eskertuz, Gipuzkoako Bertso-eskolen Eguna antolatu zuen Aretxabaletan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.