Hil 2025-01-14
Urepelen (Baxe Nabarre), Xalbadorrenea baserrian jaio zen 1944ko maiatzaren 5ean. Fernando Aire "Xalbador" bertsulariaren eta Leonie Etxebarrenen semea, etxetik datorkio bertsozaletasuna eta bertsotarako sena. Herriko eskola publikoan egin zituen ikasketak eskola zertifikatua lortu arte, 14 urterekin. Artzaintza izan du lanbidea.
Garaiko beste gazte asko bezala, Ameriketara joan zen bizi moduko kezkak eramanda; hala dio bere aitak "Semea Ameriketatik itzultzean" jarritako bertso sortan. Bost urte egin zituen Kalifornian (1969-1974) artzantza eta unai lanetan, Urepelera betirako itzuli bitartean. Bi bertso sorta gogoangarri eskaini zizkion aitak "Odolaren mintzoa" liburu ospetsuan: "Semeari" etxeratu dadin galdetuz, eta itzulera ospatuz bozkarioz betetako "Semea Ameriketatik itzultzean".
1976an ezkondu zen Marie-Michèle Bethart urepeldarrarekin. Hiru alaba izan dituzte, Miren, Amaia eta Paxkalin, euskal kantagintzan "Aire ahizpak" hirukote famatua osatu dutenak.
Bertsolari ardatzetakoa izan da Ipar Euskal Herriko bertsogintzan 1980 eta 1990ko hamarkadetan; lurralde horietako plaza anitzetan aritu da jai giro eta bestelakoetan. Nafarroako bertsolari txapelduna izan zen 1980, 1985 eta 1988 urteetan, mugaz bi aldetako nafarrek txapelketa berean parte hartzen zutenean. Nafarroako txapelketan ezezik (17 aldiz 1980-1996 bitartean), bat-bateko txapelketa askotan parte hartu zuen, Txapelketa Nagusian (1980, 1986, 1989 eta 1993 urteetan) eta Xiberua, Lapurdi eta Baxenabarre Xilaba xapelgoan (2008an eta 2010an).
1970ko hamarkada amaieran antolatzen hasi ziren bertsolari gazteen sariketa batzuetan ere hartu zuen parte, eta txapeldun izan zen 1977an antolatu zen Zaldibiko I. Artxanberri eta Patxi Errota sarian.
Bertso jarri alorrean, bertso asko argitaratu du Herria aldizkarian, tartean, 1969an sariztatua izan zen "Ameriketan bakarrik Euskal Herria gogoan" bertso sorta.
Nabarmendu beharrekoa da Ipar Euskal Herriko bertsolaritzan garatu den belaunaldi aldaketan jokatu duen eginkizuna, bertsularitzaren abaroan sortu diren mugimenduetan izan duen engaiamendua, eta belaunaldi berriekin izan duen harremana.
2010ean erabaki zuen plazak uztea, Xilaba xapelgoan bere ekarpena egin eta gero.
2025eko urtarrilaren 14an zendu da, jaioterrian, Urepelen, 80 urterekin.
Hil 2022-01-14
Arrasaten (Gipuzkoa) jaio zen 1969ko martxoaren 2an. Patxi Goikolea eta Gregori Diazen semea, lau senidetan gazteena da bera. Loramendi eta Almen ikastoletan egin zituen batxilerra amaitu bitarteko ikasketak, eta Kazetaritzan lizentziatu zen (EHU, Leioa) gero. Kazetaritza eta beste hainbat lanbidetan jardun ondoren, Arrasateko Udaleko jardun da azken urtetan.
Almen ikastolan Joanito Akizuk, Patxi Goikoleak eta Xanti Iparragirrek abiatu zuten bertso-eskola aitzindariko lehen taldeko kidea izan da Iñaki, Jon eta Aitor Sarasua anaiak, Arantzazu Loidi, Felix Iñurrategi, Luis Mari eta Jenaro Gabilondo anaiak, Jon Iñaki Izarzelaia eta beste hainbatekin batera. Aitak eraman zuen Almeneko taldera artean oso ume, bost urte zituela. Taldeko gazteena zen bera. Talde horrek egin zuen ibilbideari jarraitu zion: Almen ikastolako geletatik Apotzagako Hauzo Etxe elkarteko bertso-eskolara, jendaurrera ohitzeko bertso zaharrak kantatuz herriz herriko ibilia gero, eta, azkenik, bat-baterako jauzia Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.
Jon Iñaki Izartzelaiarekin egin zuten jendaurreko lehen bertso saioa, Aretxabaletako Kirol Etxean, Patxi Goikoleak prestatutako bertsoak kantatuz. Handik urtebetera, 1981eko maiatzean kantatu zuen lehen aldiz bat-batean jendaurrean, lehenengo Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, txikien mailan, 12 urte bete berri. Jon Iñakik eraman zuen bat-bateko txapela eta Danelek idatzizko sari nagusia.
Poliki-poliki, urteak aurrera joan hala, Eskolarteko Bertsolari Txapelketan ez ezik, garaiko sariketetan eta han-hemen sortzen zaizkien saioetan kantatzen hasi zen, bere taldekidedak bezala. Ez zuen, ordea, plazan gozatzen; ez zen plaza-gizona, esan ohi den bezala. Bere hitzak dira: "Nik neukan kriston arazoa jende aurrean, urduritasun tremendoa neukan... nik nahi nuena zen, ez bertso ona botatzea, alde egitea baizik."
Hogei urterekin erabat utzi zuen bertso jarduna. Urte batzuk urrunduta egon ondoren, poliki-poliki adiskidetu zen bertsoarekin. 1990 hamarkadako azken urtetan bertso-eskola sortu zuen Arrasaten, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen barruan, gazteei erakutsi ez ezik bertsoak kantatuz berak gozatzeko. Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan hartu zuen 1999an, Leintzko taldean, Kike Dapena eta Jon Sarasuarekin.
2022ko urtarrilaren 14an zendu zen, 52 urte zituela. Hamar egun lehenago, urtarrilaren 4an, Xanti Iparragirre maixu zaharrari Eskoriatzan egin zioten azken agurrean kantatu zuen Danel Goikoleak, Jon Sarasua eta Andoni Egañarekin batera. Haiek izango ziren jendaurrean kantatutako azken bertsoak. Eta hauek Jon Sarasua lagunak eskainitako hitzak: "Bada bertso mundu bat, bertso mundutik kanpo. Lehenbiziko mundu horretakoa zen bera. Publiko handiak, edo publiko kontzeptuak berak, urduri jartzen zuela ohartu zen gaztetan, eta bertsogile izateko beste modu bat aukeratu zuen: librea, okurrentea, herrikoa, taldekoa, bertso-mesedeen bidezkoa, bulkadazkoa".
2024ko apirilaren 28an, Almeneko haur bertso-eskola haren sorreraren 50. urteurrenean, aitzindaritza aitortuz eta eskertuz, Gipuzkoako Bertso-eskolen Eguna antolatu zuen Aretxabaletan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.
Hil 2002-01-14
Manex Sein eta Maria Usandizagaren semea. Senperen jaio bazen ere, lau urte zituela familia Urruñara joan zen bizitzera, amaren jaiotetxera (Xanpun baserria). Hamabi urte arte joan zen herriko eskolara, ondoren baserrian gelditu zen lanean. Anttoni Basurko (mutrikuarra) rekin ezkondua (1954-10-09). Hiru seme-alaba: Mirentxu, Jean Louis, Maitena.
---
Xalbador eta Mattin zendurik, hauen eta oinordeko gazteen arteko zubigintza egitea egokitu zitzaion. Bertsolari ardatzetakoa izan da Ipar Euskal Herriko bertsogintzan XX. mendeko azken hiru hamarkadetan: maitagarria eta maitatua.
Hil 1986-01-14