Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2001-12-16 Donostia Txapelketa 11:00 [Bertsoa] / Jexux Mari Irazu Muñoa, Maialen Lujanbio
2001-12-16 Donostia Txapelketa 11:00 [Bertsoa] / Jexux Mari Irazu Muñoa, Maialen Lujanbio
Neurria:
Zortzikoa, berdinaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, berdinaren moldekoa (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Irazu:
Ez destino ta ez patu,
drogarekin zenbat tratu!
Egoera hau suertatu zaigu,
guk nahiz borrokatu.
Nahiz ta zuk txartzat juzgatu,
auzoko ohiturak puskatu;
behar dunari ez zaiozula
laguntza ukatu! (bis)
Lujanbio:
Onik ezin det itxaro;
jeringillatan oparo
jarriak gaude, gure auzoa da
minaren arrago.
Barrio txiro hau dago
gero eta etsiago,
laguntza guk geuk behar degu ta ez
arazo gehiago. (bis)
Irazu:
Kontra ari zera bero,
neska ez al zaude ero?
Nahiago nuke bulego zahar hau
inon ez balego!
Nahiz ta ez dezun espero,
gauzak aldatu ezkero,
zure seme bat izan liteke
hemengo bezero. (bis)
Lujanbio:
Alaba dabil drogatzen,
ta ni kristonak pasatzen,
baina Azkuna alkate jauna
mintzatu da ozen:
"Zentro bat jartzera goazen",
auzo txiroan hain zuzen,
drogazaleak ta auzotarrak
usteldu daitezen. (bis)
Irazu:
Zuk darraizu afanean
zeure kontraesanean;
usteltzerikan ez degu nahi ta
laguntza planean.
Segituko det lanean,
borondate onenean
eta gehiena neu poztuko naiz
behar ez denean. (bis)
Lujanbio:
Zu poztu egingo zara
ta nik bertatik bertara
emango dizut, lortu ezkero,
nere besarkada.
Droga ez da arazo, hara:
beha kale beltzetara;
gure auzoaren bizi ezinaren
ondorioa da. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra