Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2003-06-01 Oiartzun Berezia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Sustrai Colina
Bertsoa entzun |
2003-06-01 Oiartzun Berezia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Sustrai Colina
Neurria:
Neurri berezikoak
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
S. Colina
Autobusean edo trenean
jendea bueltan dut gehienean
horrelakotan zirrararikan
ezin izan barrenean. (bis)
A. Arzallus:
Amets ipintzeko parrez
norbait behar derrigorrez
edo batzutan inor ez.
S. Colina:
Arrazoi duzu esan duzunak
asetu nau azkenean
Sustrai're ondo egoten baita
bakarrik dagoenean. (bis)
A. Arzallus:
Bakardadeai zara fidela
jakin holako asko direla
hala ere askoz gustorago ni
lagunak hor ditutela. (bis)
S. Colina:
Egon gabe lagunen zai
egoten naiz lasai-lasai
han Colina ta hor Sustrai.
A. Arzallus:
Hala ta guztiz esango dizut
pentsatzen dedan bezela
Sustrai urruti dagoenean
triste egoten naizela. (bis)
S. Colina:
Zergatik hasi zuri planean
denen aurrean bertso lanean?
Entzulegoa ez da etorri
bi gezurren afanean.
A. Arzallus:
Zurikeriz bertso sorta
joateak ez du inporta
beltzez jantzita dator-ta.
S. Colina:
Bakardadea esan dut baina
onartzen dut azkenean
bakardadea hobea dela
konpartitua denean. (bis)
A. Arzallus:
Aitan eskua, aman magala
haiek enborra ta ni ezpala
hoien babesa bilatzen dut nik
beti nola edo hala. (bis)
S. Colina:
Baina zer zabiltz esaten
harro-harro kirten-kirten?
Aman gonapetik irten!
A. Arzallus:
Baina Oiartzunen pozik nago ni
jendeak jakin dezala
ni hemen beti hartu bainaute
nere etxean bezala. (bis)
S. Colina:
Edo bestela Esteri* galde
Juanito, Otsua... hoiek'e hor daude
alper-alperrik ez ote gabiltz
zurikeritan hala're?
A. Arzallus:
Girizian ta Karrikan
gu kanturako irrikan
egoten gera sarritan.
S. Colina:
Amets Oiartzun hartu ezkero
zure etxean zutabe
nere ustetan baietz geratu
laster etxerikan gabe! (bis)
A. Arzallus:
Beraz ez etxe ta ez alkate
hemengo plana hola daukate
nahiz eta berez hauek baduten
behar aina borondate. (bis)
S. Colina:
Amets hemendik aurrera
orain artean antzera
segi dezagun batera.
A. Arzallus:
Ni hemen pozik egoten naiz bai
denek sinistu didate
eta sinistu ez dunik bada
ba berarentzako kalte. (bis)
S. Colina:
Bueno bukatu dezagun hemen
denak bakarrik utzi baino lehen
zer behar duen ta zer nahi duen
norberak daki ondoen. (bis)
A. Arzallus:
Nago hauxe esan nahian:
ez nago modu alaian
luzatzen geran garaian.
S. Colina:
Hau esan gabe saioak ez zun
ez zentzu ta ez zentzumen
inguratuta gaude benetan
bai hemen ta Oiartzunen. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra