Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2014-07-09 Getxo Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Fredi Paia, Jone Uria Albizuri

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2014-07-09 Getxo Jaialdia
Gai-emailea
Castro, Aitzol De
Bertsolariak / Egileak
Arzallus, Amets
Egaña, Andoni
Lujanbio, Maialen
Maia, Jon
Paia, Fredi
Uria Albizuri, Jone
Lana
Seinaka gaia-emanda besteak bati
Jarritako gaia
Fredik asko ikasi du aspaldion gaitzen eta erremedio naturalen inguruan. Petrikillo edo kurandero lanean ipiniko dugu.
Beste bertsolariek gaitz bana omen dute eta Fredirengana joango dira banan bana bere gaitza azaldu eta sendabide eske. Honek banan bana emango die sendabidea. Zelako gaitza, halako erremedioa!

Deskribapena

Doinua
Eguna pasa nekean eta
Saltarina da txepetxa eta
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
10

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2014-07-09 Getxo Jaialdia [Bertsoa] / Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Fredi Paia, Jone Uria Albizuri

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Neurria: Zortziko handia
Doinua: Eguna pasa nekean eta

J. Maia
Ez da errexa besterik gabe
bizitzen gaurko munduan
zeren aukerak egin behar dira
parean dauden orduan
sarritan hanka sartu izan det
eta gai askon barruan
ta gero mina ez daukat hankan
baizikan eta buruan. (bis)

F. Paia
Orkatilekoa konpondu lei
zanatene (*) on batekin
LLanten plantago lanceolata (**)
latinez behar duzu jakin
baina guztiz despitatu nauzu
buruko sintomarekin
horretarako onena duzu
asunetara salto egin. (bis)

A. Arzallus
Haurra nintzela eskasa nintzen
fobiak nituen non-nahi
mamuak han ta mamuak hemen
ta ni ikaraturik ai!
Ta Freddy Kruegerek batek
ez ninduen uzten lasai
orain Kruegerek ez nau beldurtzen
baina Paiatar batek bai. (bis)

F. Paia
Beldurra gaitz endemikoa da
dirua da horren maisu
landare bat gurako bazendu
bat ona badago aizu!
Kolonbiako goi lautadetan
igual topa dezakezu
beldurra kenduko dizu baina
laster bueltatuko zaizu. (bis)

M. Lujanbio
Euskal Herriko mila herritan
bertsoa, jana, zurruta,
bakailau pil-pil, jamoi, txuleta
denetik dut probatuta.
Euskal Herriakin enpatizatu
ahal dedan ikaratuta
zeren ni ere denbora luzez
nago ezin libratuta. (bis)

F. Paia
Bada tufalak deitzen den zerbait
niri etortzen zait ederto
lau egunez soilik kalimotxo
tripa denak garbitzeko
Hori niretzat, baina zuretzat
ez da erreza portzierto!
Ze landare izan liteke ona
lore bati emateko? (bis)


Neurria: Zortziko handia
Doinua: Saltarina da txepetxa eta

A. Egaña
Adina daukat erretzaile naiz
eta piztu zait alarma
gaur egunean behatza baitut
garai baten hatza zana
probatu ditu pilula urdin
ta psikiatren dibana
piercing egin dut zera hortan
ta txilborrean imana
ta hala`re alperrik dana.


F. Paia
Zure gaitza da izugarria
bertikala ta krudela
ze uste duzu Andoni Egaña
Lourdesko Mari naizela?
Himalaiako lore bat bada
txikia eta itzela
baina ez zazu sekula hartu
zuk jarrai zazu horrela. (bis)


Neurria: Zortziko handia
Doinua: Eguna pasa nekean eta

J. Uria
Nik matematikak bukatu arren
nabil kopeta beltzeko
kalkuluren bat arkatzez egin
behar dudan bakoitzeko
zu landaretan nola zabiltzan
oro jakitun antzeko
esan ze hazi landatu behar den
raizkuadradak lortzeko?

F. Paia
Ai lur azpiko metafisikan
Jonek galdu dun denbora!
Sustrai bat hartu zazu Urruñan
sustrai on bat ez da droga.
Hartu zazu Urruñako Sustraia
ta ekarri zazu Getxora
gimnasio baten matrikulatu
ta igual kuadratuko da. (bis)

* Zanatene. Zantiratu ere esaten zaio Bizkaian, orkatila bihurtzerakoan zanbedarrrez (Llanten, plantago lanceolata), olioz eta masajedun errezu batez osatutako sendagaia.

** LLanten plantago lanceolata. Zainbelar edo arpin barietate bat. Euskaraz ezpata-plantaina.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra