Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2014-07-10 Donostia Berezia [Bertsoa] / Maialen Lujanbio
Bertsoa entzun |
2014-07-10 Donostia Berezia [Bertsoa] / Maialen Lujanbio
Neurria:
Hamaseiko handia (hg) / Zortzi puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Etxe barrura horren sartua
kosmetikaren alorra
ispiluaren parean dago
ta potoak ditu sobra:
karmin gorria, koloretea
rimela ta gero sonbra
askoz hobea ez litzateke
fobista zahar baten obra.
Panpin itxura hartu dezake
edo itxura gogorra
ezkutatu edo azpimarratu
bi aukera daude horra.
Barruan kinka zalantzazko bat
hala’re kinka gogorra:
zenbateraino den aukera bat
noraino den derrigorra.
Azalaratzen dira ispiluan
konplexu baten barrenak
azpimarratzen dira akaso
bere zati ederrenak.
Arau bakarrak ez dira hemen
ez makillajearenak
ez takoiena ez gona motza
ta ez eskote lerdenak
badira arauak gizarte hontan
hain zabaldurik daudenak
emakumeentzat ta gizonentzat
harrapatzen gaitu denak.
Nahiz ta batzuez aipatzen diren
estuasunik gehienak
kateak daude ikustezinak
baina kateak direnak.
Gizonek ere badute bere
mila hesidun karrera
estetikoki ta karakterez
mugarritua gainera
ta begirada zabalduz gero
hemendik kanpoaldera
zapi ta belo eta burkekin
ordun ohartuko gera.
Ez, ez nijoa horren lurralde
zingiratsutan sartzera
esan nahi nuen denak dugula
gure molde gure zera
gure kunplitu beharra eta
gure kateak soinera.
Bakoitzak bere preso izateko
era hautatzea libre da.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra