Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2022-08-05 Gasteiz Jaialdia [Bertsoa] / Nerea Elustondo, Oihane Perea

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2022-08-05 Gasteiz Jaialdia
Gai-jartzailea
Diaz De Cerio, Uxue
Bertsolariak / Egileak
Elustondo, Nerea
Perea, Oihane
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Aurten jaiei hasiera ematen dien suziria lanbide desberdinak dituzten 5 emakumek bota dute. Euretako batek zera zioen “Gizarte berri bat eraikitzen ari gara eta ondorioz jai berri batzuk, emakumea gizartea lekua hartzen doan seinale”. Baina gurean abuztuan, udan, oporrekin eta jaiekin lotuta, emakumearen jazarpen, eraso eta bortxaketa salaketa kopuru handia egoten da. Azken asteetan, baita bart gauean ere, ziztadak jaso dituzte emakumeek; emakumeek salaketa egin dute. Nolako jaiak eta gizartea behar ditugu?

Deskribapena

Doinua
Goizian goizik jeiki ninduzun I
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2022-08-05 Gasteiz Jaialdia [Bertsoa] / Nerea Elustondo, Oihane Perea

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


O. Perea
“Disfruta zazu, askatu zaitez”
esan ohi zigun gure amak
egin ditugun urteetan zehar
nahi izan ditugun planak
azken aldian neska gazteek
ze buruhauste, ze zamak!
Arazo haundi bat ez ote dauka
xiringa bat daramanak?

N. Elustondo
Usteko dute handiagoak
izan leizkeela horrela
eta hobeto garatzen dela
euren basurde papela
nahiz urrats batzuk eman ditugun
aipatu duzun bezela
batzuk oraindik ez dira ohartu
jaiak denonak direla.

O. Perea
Ta besteontzat oraindik ere
jaia dugu gerratea
ta nola itxi eraso hoiei
kanpo ta barruko atea
konponbide bat erreza ere
badago Nerea maitea
horrelako bat daraman hori
zikiratu ta bakea!
N. Elustondo
Hori horrela lortu daitezke
zintzilikario ugari
hala ta guztiz zer egin behar den
ez daukagu oso argi
neska gazteei esaten zaie
kontuz ibiltzeko, adi
baina ardura eskau behar zaio
eraso egiten dunari.

O. Perea
Ze inor ezin da izan hemen
gure ametsen lapurra
kontzientzia ta neuronekin
nahiz ta ibili laburra
salto ta brinko egin dezagun
guk ere biba ta hurra!
Gure burua antolatuta
uxa dezagun beldurra.

N. Elustondo
Bai behar dugu antolatu ta
gure beldurrak gainditu
baina kanpoko joerak ere
ez dira asko argitu
sekreta pila jarriko dira ta
horrekin lasai gelditu
baina eraso eiten dutenak
zeinek zelatatzen ditu?

O. Perea
Aitzaki legez erabilita
xiringa duen mutila
jai-guneetan sartu diguten
polizia inutila
emakumea bere horretan
indarrez dugu abila
ta ez bortxatu ez dakiena
etxean gera dadila.

N. Elustondo
Hobe luke bai ez gainditzea
beraien etxeko malda
asmatze’ez badu nola zapaldu
eraso egiteko galga
baina holako gauzen aurrean
denei nahi nieke galda
ezer egiten ez duna ere
euren konplize ez al da?

O. Perea
Ez da bada zuk nolanahikoa
bota diguzun galdera!
Lagunek ere behar lukete
ta ilunpetik atera
konplejuetan ze esango duten
gainean dugu sobera
batzuek ere beharko dute
armariotik atera.

N. Elustondo
Ba bai horrela lortu daiteke
igual noizbait irteera
borroka hontan denok baitugu
zer egiteko aukera
ta denai kontra egin beharra
asko eskatzea ote da?
Erasoren bat gertatuz gero
utzi jaiak bertan behera.

O. Perea
Pauso bat eman nahi aurrera ta
hiru atzera gaur egun
egunen baten guztiak zutik
jartzen garela demagun
baina askatu beharko gara
ta ez euki kopeta ilun
kontuak kontu jaietan ere
libre dantzatu dezagun.

N. Elustondo
Eta horrela ibil gaitezke
gu zibikoen antzera
ezin da egin bi urrats aurrera
ta dozena bat atzera
festak denona izan behar du
ta irten gaitezen kalera
ta horrekin ados ez dagoena
joan dadila etxera.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra