Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2001-11-24 Azpeitia Txapelketa [Bertsoa] / Sustrai Colina, Jon Maia

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Aldizkako Ekitaldia (Saioarena)
Bertsolari Txapelketa Nagusia (13. 2001)
Saioa
2001-11-24 Azpeitia Txapelketa
Gai-emailea
Jauregi, Saroi
Bertsolariak / Egileak
Colina, Sustrai
Maia, Jon
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Zu, Jon, erietxean zaude Sustrai zure aita zaintzen. Medikuek jakinarazi dizute egun gutxi geratzen zaizkiola Sustrai aitari. Gelan sartu eta aitak galdetu dizu: "Zer daukat seme?" Hiruna bertso, hamarreko handian, Jon hasita.

Deskribapena

Neurria / Estrofaren izena
Hamarreko handia (hg) / Bost puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Txapelketetako Bilduma

2001-11-24 Azpeitia Txapelketa [Bertsoa] / Sustrai Colina, Jon Maia

Neurria:  Hamarreko handia (hg) / Bost puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Maia:
Pentsatzen nuen hau jasateko
ez ote zinen kapaza,
gaixotasun hau eramatea
nola ez den gauza erraza.
Heriotzaren mugetan dabil
bizitza baten jolasa,
baina ai, aita, ez zazu pentsa
bihar zer litekeen pasa;
bi gauza eder dauzkazu orain:
seme bat eta arnasa. (bis)

Colina:
Baina arnasa soilik hartzea
ez ote da miseria?
Nik parez pare ez ote dauzkat
majina bat komeria?
Zuri-zuriak daude izarak,
zuri-zuri aurpegia;
kopetan behera brausta ta brausta
izozturik izerdia...
Azken bisita al da gaurkoa?
Esan zaidazu egia. (bis)

Maia:
Azken bisita ez da izango,
oraindik ez da iritsi.
Medikuetan egon daitezke
ez dakit zenbat iritzi.
Animo hori altxa ezazu
eta ez beheraino jetsi;
suspirioa badezu ere,
bizitzari gogor eutsi,
bera bakarrik joan daiteke-ta
ihesi joaten ez utzi! (bis)

Colina:
Baina ihesi joaten uzteko
ba ote naiz hortako gai?
Kopeta-makur gabiltza denok
lehen genbiltzanak hain alai,
mediku denak aztoratuta
ta familia ez lasai.
Semea hona etorri zara,
baina herio ere bai,
ta erdi hilda bizitzekotan
ez dut gehiago bizi nahi. (bis)

Maia:
Orain artean bizitza hori
joan zaizu nahiko ñabar,
mila sintoma izan dituzu,
emorragiak etabar.
Sufritu asko sufritu dezu,
esango det bidenabar,
baina halare eutsi zaiozu,
ez zera joango hain azkar;
erdi bizirik zaude oraindik,
nik ez dut egingo negar. (bis)

Colina:
Alde galanta ez ote dago
minetikan negarrera?
Aitortu zazu nere egoerak
egin duela txarrera.
Atarramentu onik ez dago
une hontatik aurrera;
agur banoa, agur banoa,
mesede edo kaltera;
testamentua hor uzten dizut
maitasunakin batera. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra