Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2001-12-16 Donostia Txapelketa 16:30 [Bertsoa] / Andoni Egaña, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Aldizkako Ekitaldia (Saioarena)
Bertsolari Txapelketa Nagusia (13. 2001)
Saioa
2001-12-16 Donostia Txapelketa 16:30
Gai-emailea
Mandaluniz, Bernardo
Bertsolariak / Egileak
Egaña, Andoni
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Euskal Herrian aspalditxotik bizi dugun gatazka honetan seme bana galdu duzue biok. Zuk, Maialen, seme iheslaria galdu zenuen; Andonik seme ertzaina. Hilerritik etxera bidean hizketan hasi zarete. Hiruna bertso, Iparragirre doinuan, Maialen hasita.

Deskribapena

Doinua
Iparragirre abila dela
Neurria / Estrofaren izena
Bederatzikoa, handiaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, handiaren moldekoa (ip)
Bertso kopurua
6

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Txapelketetako Bilduma

2001-12-16 Donostia Txapelketa 16:30 [Bertsoa] / Andoni Egaña, Maialen Lujanbio

Neurria:  Bederatzikoa, handiaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, handiaren moldekoa (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Lujanbio:
Nere semeak alde egin zuen
herri urrun batetara;
han minbiziak jo zuen eta
ez da itzuliko jada.
Ni behin ama izana,
eta zu ere ama,
ulertu zaitzaket, hara:
modua ez da berdina baina
hutsunea berbera da. (bis)

Egaña:
Zure semea herriz kanpora
joan, hori zuen xede,
borroka baten ilusioak
egin baizituen bere.
Nere zenak soldata
nominaz aterata
bizibehar, alafede!
Nere semeak ez zuen izan
aukeratzerikan ere. (bis)

Lujanbio:
Ez batentzat ta ez besteantzat
ez da amaiera polita,
amak ez dauka zertan sufritu
bere semearen kinka.
Zurea zan polizi,
boterean kutizi,
nerea tiroz hasita...
Baina ama baten ideologia
maitasuna bakarrik da. (bis)

Egaña:
Nere semean oroitzapenik
ez zait ahaztuko sekula,
hain gendun mutil gazte sanoa,
formala eta mardula.
Zatoz nere ondora,
bihotzetik kolkora
zera nahi dizut xuxurla:
gauza batean seguru nago,
berdin maite genitula. (bis)

Lujanbio:
Atzapar beltzak harrapatu zun
ta hura nigandik kendu;
ez esker on ta ez animo hots,
gaur ezer ez da ukendu.
Zu ere zabiltz berdin,
bizitza dezu samin,
ta nahi nuke nabarmendu:
seme-alaba bat hiltzen duenak
bere ama ere hiltzen du. (bis)

Egaña:
Ez det pentsatzen geranik ere
zu laiotz ni egutera;
biok daukagu gure bihotza
sufrimenduz egarbera.
Kontuak esateko,
lagunak izateko,
goazen taberna batera;
gure hutsunea berdina bada,
bete dezagun batera. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra