Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2010-07-30 Amasa-Villabona Jaialdia [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi
Bertsoa entzun |
2010-07-30 Amasa-Villabona Jaialdia [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Agirreazaldegi:
Bi hilabetez hondar artetik
zuregana nator ihes
zuen ondoan jolasa beti
joaten baita hain errez
baina Uxue orain jolasa
alda dezagun mesedez
pistola ez zait asko gustatzen
ura botatzea ere ez.
U. Alberdi:
Zure begitan orain tristura
pixka bat dizut nabari
nire asmoa oso ona zen
hori izan zazu argi:
ur pistola bat eskuan hartu
ta zuri begira adi
nik ur pixka bat bota nahi nion
desertuko loreari.
A. Agirreazaldegi:
Hara! Barruan duzu gordeta
neretzako umorea
ta nik hala ere erantzuntxo bat
badut berriro gordea:
gu gutxirekin ohituta gaude
ulertu zazu ordea
urtean behingo euriteakin
hazten da hango lorea.
U. Alberdi:
Txikitatikan ikasi dugu
biok zer dugun indarra
eta pistola bana eskutan
berez pasa dugu marra
gure gainean indarkeria
jasan arren barra-barra
indarkeria antzeztuz gabiltz
euskalduna sahararra.
A. Agirreazaldegi:
Indarkeria gure barruko
hazi txiki bat ote da?
Horrela bada ez dezagula
berriz kanpora atera.
Belar gainean begi itxikiekin
Uxue etzango al gera?
Guk han askotan jolasten dugu
ura imajinatzera.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra