Bertsos - View details To know more about this section
2024-06-07 Amasa-Villabona Jaialdia [Bertsoa] / Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Alaia Martin
Bertsoa entzun |
2024-06-07 Amasa-Villabona Jaialdia [Bertsoa] / Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Alaia Martin
Stanza name:
Lauko handia (hg) / Bi puntuko handia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
N. Ibarzabal
Bakoitza bere kontura gabiltz
bakoitza bere jirako
maitasuna ta ekonomia
ez baitira betirako.
A. Martin
Dena batuta irabiatzen dugu
eta ona da koktela
berak gehiago irabazten du
juxtuago da horrela.
O. Iguaran
“Berak gehiago irabazten du”
garbi zatoz aklaratzen
seguru nago sobretakoa
ez duzula deklaratzen.
N. Ibarzabal
Hemen bakoitzak sobreak dauzka
ta igual jornala itzela
nik nahiago dut pentsatu dezan
partidazo bat naizela.
A. Martin
Partidazoa irabaz’zazu
gogorikan ez mugatu
nik kontuaz gain kontu bat daukat
baina ez da konturatu.
O. Iguaran
Ba guk hileko gastuak aina
elkartzen degu aldiro
baina KPIa guri ez zaigu
gastuak adina igo.
N. Ibarzabal
Bikotekide bizitzan beti
ez baigabiltza dotore
sobre marroiak gutxitxo datoz
ta marroiak berriz sobre.
A. Martin
Eta batzutan falta denean
konpartitzeko adorea
besterik gabe aldatu behar da
sobrearen kolorea.
O. Iguaran
Keba! Sobreak bakarrik dakar
itxura eta posea
askoz hobe da diru beltzean
ta beltzetik etortzea.
N. Ibarzabal
Ez dakit zein den iraupenaren
ta etorkizunaren giltza
ba al dakizue zein den bestean
kontuaren pasahitza?
A. Martin
Egia esan nahiz bikotetan
egon sistemaren funtsa
lagunartean sortu behar dugu
igual elkartasun kutxa.
O. Iguaran
Ba nik ez dakit nola sortzen den
irabaziak adina
guztira zero aterako da
hirun artean egina.