Bertsos - View details To know more about this section
2009-11-08 Gasteiz Txapelketa [Bertsoa] / Miren Amuriza, Unai Iturriaga
Bertsoa entzun |
2009-11-08 Gasteiz Txapelketa [Bertsoa] / Miren Amuriza, Unai Iturriaga
Stanza name:
Zortzikoa, berdinaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, berdinaren moldekoa (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
U. Iturriaga
Horrenbeste min igaro
lotsak ta penak luzaro
baina noizbaiten eten behar da
maitea hau klaro
nik maite zaitut gehiago
operatu ta geroago
lehenago ere ederra zinen
orain ederrago. (bis)
M. Amuriza
Berton dugu iragana
eta hau da panorama!
Nahiz egunero jasotzen dudan
zuk daukazun dana
bular bat dut eramana
eta ez dakit laztana
nola maiteko duzun neuk ere
maite ezin dudana. (bis)
U. Iturriaga
Operazio baten truk
ez zara ikusten arrunt
lehenago ere guk horri buruz
sarri hitz egin guk
ezin ikusi hori zuk
bai sarritan entzun dizut
ez dut bular bat maite nik Miren
nik zu maite zaitut. (bis)
M. Amuriza
Minbiziarekin bortitz
jasan ditugu zenbait gaitz
baina oraindik nire buruan
mamu asko dabiltz
eta diot kontu handiz:
bularra joan zen baina aldiz
neu ere ez nintzen hemen egongo
zugatik ez balitz. (bis)
U. Iturriaga
Bi bat gara azkenean
maitasunan izenean
ardura duen gaira joan gara
zuzen-zuzenean.
Ni nauzu aldamenean
ez azpian ez gainean
eta barrutik biluztu zaite
gura duzunean. (bis)
M. Amuriza
Bular bakarraz naukazu
falta dudana zara zu
ta horrexegatik nago bizirik
eta hain indartsu.
Biok gaudenez jo ta su
berriz egidazu kasu
itzal ezazu argia eta
besarka nazazu. (bis)