Aldizkako Ekitaldiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Arabako Bertsolari Txapelketa

Oinarrizko informazioa

Ekitaldi mota
Txapelketa
Hedadura lekua
Araba
Hedadura-mota
Herrialde mailakoa

Deskribapena

Historia
Arabako Bertsozale Elkartea 1993an sortu bazen ere Arabako Bertsolaritzaren historia garaikidea 1984an hasi zen, Gasteizko eta Aiarako Bertso Eskolak sortu eta berehala. 1984. urtean Arabako Lehendabiziko bertsolari Txapelketa antolatu zen. Orduan hasi eta 2002ra bitartean Arabako Bertsolari Txapelketa izenik izan ez bazuen ere, Prudentzio Deuna Estibalizko Ama bertso sariketa izan zen bertako bertsolarien indarrak neurtzeko plaza, 1990ean hasi eta 2001. urte arte.

Arabako Txapelketa ofizialik ezean, Araba-Bizkaiko txapelketa izan da 1987tik 2000. urte arte Arabarrek Txapelketa nagusirako txartelak eskuratzeko lekua. Baina 2000. urtean Arabak bere bide propioa egitea erabaki zuen eta bere ordezkaritza propioa izan zuen 2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusian.

Bide horretatik aurrera eginda etorri zen 2002ko Arabako Bertsolari Txapelketa ere. Final-aurreak entzuleriaren eta bertsolarien mailaren aldetik, baina zalantzarik gabe Printzipaleko finalaren argazkiak garai berri bat iragartzen zuen.

Sustraiak errotuz izan zen 2009ko Arabako Bertsolari Txapelketako leloa, eta horixe izan da Arabako Bertsozale Elkartea sortu zenetik, eskuartean izan dugun erronkarik garrantzitsuenetako bat. Esan bezala, Bertsolaritza Gasteiz edo Aiara aldean bakarrik zen ezaguna, baina gaur egun, herrialde osoan lantzen da bertsolaritza ikastetxez ikastetxe, hainbat herritan bertso-eskola berriak sortu dira eta bertsolaritzaren lanketa, sustapena eta transmisioa eskualde guztietara zabaldu da.

Sustraiak errotuta eta 2009ko Arabako Bertsolari Txapelketa arrakastatsuak ilusio eta indar berriekin jarri gintuen 2010ari begira. Hazteko gogoz, Arabako Bertsolari Txapelketa bere laugarren garaian sartu zen 2010. urtean. Formatu aldaketa ekarri zuen eta indibiduala izatetik taldekakoa izatera pasatu zen. Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketak bertsolari, epaile, gai-artzaile berriak sortzen lagundu zuen. Elkarlanean sortutako Txapelketa herrikoia izanda bertsozale berriak ere hurbildu ziren.

1984. urtean lehenengo aldiz txapelketa bat antolatu zenetik aldaketa dezente jasan ditu gure egunetaraino, izena eta izana aldatu dituela esan daiteke. Baina emandako aldaketa eta aurrerapauso guztiei esker, lortu dugu gaur egun gauden lekuan egotea. Orain banakako Arabako Bertsolari Txapelketa 2 urtean behin egingo da eta tartean gelditzen den urtean Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa antolatuko dugu.

2011ko Arabako Bertsolari Txapelketa ezberdina izango da eta honek ilusioz betetzen gaitu. 2009. urtean 18 bertsolari izatetik 2010. urtean 30 izatera pasatu gara. Zazpi epaile arituko dira txapelketan eta autonomia lortu dugu. Gai-jartzaile taldea ere handitu eta sendotu da.


Informazioa gehitu

Guri buruz
Non gauden
Zerbitzuak
Informazio eskaera
Bilaketak nola egin