Bertsos - View details   To know more about this section

2009-08-02 Forua Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Xabier Silveira

General information

Kategoria
Bat-batekoa
Performance
2009-08-02 Forua Jaialdia
Gai-emailea
Elizasu, Unai
Bertsolaris / Authors
Egaña, Andoni
Elortza, Igor
Iturriaga, Unai
Lujanbio, Maialen
Silveira, Xabier
Exercise
Bosnaka gaia-emanda
Proposed topic
Ez da lehen aldia Foruan jaialdi hau egiten dena, baina bai lehen aldietako bat, eta denok izan ditugu lehen aldiak, gauza askotakoak. Oroitzen duzuen lehen aldi hori kantatu behar duzue lehen bertsoan, eta bigarren bertsoan kantatu behar duzue ahaztu nahiko zenuketen lehen aldi hori.

Description

Melody
Dama askoren engainagarri
Zeru altuan zegoen Jaunak
Stanza name
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Localization

Localization
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Collection / Fond / Project
Bapatean Bilduma

2009-08-02 Forua Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Xabier Silveira

Stanza name:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Localization:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Doinua: Zeru altuan zegoen jaunak

U.Iturriaga:
Lehen aldiaz galdetu eta
ia ez dakit zer esan.
Egia dinot eta sinistu
hamahiru urtegaz izan zan.
Gaztea nintzen gazteegia
ta zan Izurtzako plazan
eta bertsoak bertso eskolan
idatzita eroan genduzan.

A.Egaña:
Hogeita zazpi urte neuzkan nik
eritetxean aurkitu.
Lehen alaba erizain batek
goxatu eta garbitu
gero neri eman "Ai ze eder den!
Hatzak ere denak ditu".
Maila hortako lehen aldirik
bizitzan ez det sentitu.

I.Elortza:
Neuk be gogora ekarriko dot
bertsozko lehen eginahala:
hemendik gertu Gernikan gendun
Bizkaiko haurren finala
zehaztasunik ez dot gogoan
beharbada ez da normala
baina horretxek esan gura dau
gozatu egin nebala.

X.Silveira:
Iragana da gaurko eguna
ezartzen duen eskola
iragana da etorkizuna
oztopatzeko oskola.
Nik hil artean oroituko dut
lehendabiziko kontrola
horrela ez dut inoiz ahaztuko
herri hau preso dagola.

M.Lujanbio:
Hamalau urte ta bertsolari
zaharrekin sagardo proba
nik ez nekien hura nola zen
ta beti euren ondora
euren atzetik kupelez kupel
eta tragotik tragora
lehen aldiz ordun pentsatu nuen
"Mozkorra hau izango da".

Doinua: Dama askoren engañagarri

U.Iturriaga:
Mozkorraldiak izaten ditu
baina sarritan bi zati
ta pasau jakon lehengo urtean
ondo ezautu dodan bati
bidetik urten istripua euki
ta damutu zan galanki.
Ahazten saiatuko naz ni baina
gogoratu behar dot beti.

A.Egaña:
Hogeita hiru bat urte nituen
esango dut berehala
Unai lagunan gisa neronek
ere kristoren pedala
ehun ta hogeira nindoan eta
han traktore bat "Aibala!".
Ospitalean bukatu nuen
alabarekin bezala.

I.Elortza:
Hau be final bat izan gendun ba
nagusien gradukoa.
Derrigorrean kantau behar zan
bertso bat sei puntukoa
bosgarrenean mutu geratu
grabea zan asuntoa.
Haixe izan zan lehen aldi bat
ahazteko modukoa.

X.Silveira:
Ahaztu nahiari ta damuari
ez diot ongi iritzi
askotan izan daitezkeelako
zorionaren minbizi.
Nik bizitako gauza guztiak
ez ditut alferrik bizi
ta ahaztu nahi dudan lehen aldirik
ez zait oraindik iritsi.

M.Lujanbio:
Parranda baten zan hura ere
gazte ta ezin kabitu
tipo batekin hantxe nebilen
ia nork nor seduzitu.
Ahaztu nahi nuke garbi esana
ez niola entenditu
lehen aldia ez zala lehena izan
ez bainitzan atrebitu.