A. Arzallus:
Ai ukabil itxia
gure metafora
zer gordetzen dun jakin
nahi nuke gustora.
Maitasunan indarra
zen gure lehen proba
oain maitasuna behera
ta indarra gora.
Igual biak galtzea
hobe izango da. (bis)
A. Estiballes:
Orain bost urte hasi
ginenak hain alai
egoera narrastu
egin da nolanahi.
Ez nuen uste nintzenik
hau egiteko gai.
Neu ere beldurtu naiz
egon zaitez lasai
altxatu egin dut baina
ez nuen altxatu nahi. (bis)
A. Arzallus:
Ukabilen malkoak
begitan distira
zaila da pasatzea
orain boz eztira
lau begiak gelditu
baikara begira
nik neuk ere ez zaitut
deabrutzen tira
maskulinidadean
reflejoak dira. (bis)
A. Estiballes:
Lehen dena zeru urdin
orain dena laino
lehen dena zintzotasun
gaur dena engaino.
Ez zitzaigun gertatu
sekula gaurdaino
maite zintudan eta
gorrotatu baino
nola iritsi gara
puntu hontaraino? (bis)
A. Arzallus:
Bilakaera izan da
tristea grabea
nun dago arrazoia
nun dago klabea?
Idea bat badaukat
hau al den bidea
gelditu zaigu bat’e
indarrik gabea
haurtxoen amesteko
kapazidadea. (bis)
A. Estiballes:
Amesgaizto bihurtu
zaigu amets hura
ukabila altxatuta
ez nago gustura
ta ulertzen dut zure
beldur ta ardura
ez dadila bihurtu
hau inoiz ohitura.
Maitasuna gorroto
azkar bihurtu da. (bis)
A. Arzallus:
Bai lehenago ginenak
hainbeste limurtzen
nola joan garen zahartzen
ta zahartuz zimurtzen.
Ni ahaleginduko naiz
pixka bat xamurtzen
eta maitasun hau ez
rutina bihurtzen.
Zu saiatu zaitez ez
ni berriz bildurtzen. (bis)
A. Estiballes:
Baten bakarrik pasa
daiteke hau bizitzan
ta orain ikusirik
gu nola gabiltzan
hobe ez jarraitzea
gaur biok gerizan.
Ukabila ere eman
leike esku gisan
tori bostekoa ta
zoriontsu izan. (bis)
Hil 1976-11-07
Mixel Aire eta Paskalin Etxarten hirugarren senide zaharrena.
Aita Urepelekoa zen eta ama aldiz, Los Angeles-en sortua. (amaren aita Urepele edo Aldudekoa zen eta amaren ama, aldiz, Aurizberrikoa). Anai bat eta lau arreba zituen Xalbadorrek. 16 urte zituela ezagutu zuen gerora bere emaztea izango zena.
Leoni Etxebarrenekin ezkondu zen 1943ko urtarrilaren 29an. Seme-alabak: Henriette, Mixel, Daniel, Mari Helena.
Lehen bertsua 16 urtetan bota zuen, Urepeleko ostatu bateko leiho kanpoaldetik barnera buruz.
Teodoro Hernandorena medikua hasi baitzen Iparraldean bertsulari gazteak bultzatu nahiz, Donibane Lohizunen zeingehiagoka bat antolatu zuen, eta horrelaxe Xalbadorrek Mattinen ezagutza egin zuen. Geroztik bikotea euskal besta orotara galdegina zen.
Xalbadorrek Donostiako bertsulari txapelketa nagusietan parte hartu zuen.
Odolaren mintzoa bere liburua agertzeko egunean, Euskal Herri osoak bere sorterrian omentzen zuela, 1976ko azaroaren 7an, Xalbador supituki hil zen: bazkalostean ondoezak eman, bertako eskolako gela batera eraman eta iluntze hartan bertan zendu zen.
---
XX. mendeko bertsolari mitikoetakoa dudarik gabe; bere bertso estilo sakon eta lirikoagatik nabarmentzen da, baina bere emarian aurki daiteke bertso estilo klasiko eta zorrotzik, dialektika bizi askorik. Behar bada bizitzan ezagutu ez zuen estimua izan du bere bertso-emariak geroztik. Baxe Nabarreko hizkerak urrundu egiten zuen mendebaldeko bertsozale arruntetik, eta ez zuen behar adina errotzerik lortu bertsozale horren bihotzean. Geroztik ordea, askoren eredu eta erreferente izan da; 1967ko Txapelketa Nagusiko finaleko txistu-joaldi sonatuak muga jarri zuen (txapela Uztapiderekin jokatzeko bera hautatu zuen epaimahaiak Lazkao-Txiki kanpora utziz, eta entzulea txistuka hasi zitzaion bertsotan hasi orduko, minutu luzetako txistu-joaldia izan zen) : txistuak txalo bihurtu zituen eta entzulea, bertsozalea, betirako bereganatu. Bertso uzta paregabea utzi digu, bertso-jarrietan, Odolaren mintzoa askorentzat bertso jarriaren goia dena, nahiz bat-batean: Bat-bateko mirakulua izendatu du Xabier Amuritzak, eta izen horrekin bataiatu du Xalbadorren goratzarrez egokitu duen emanaldia (Xalbadorren bat-bateko bertsoz hornitua osoki). 2014an, Eneko Dorronsorok "Xalbador, izana eta izena' dokumentala zabaldu zuen, bere lau seme-alaben lekukotasunetan oinarriturik.
Hil 1946-11-07
Juan Antonio Enbeitaren (Txotxojeuri) semea eta Urretxindorraren anaia. 62 urte zituela hil zen. Ameriketan (Buenos Aires) ibili zen, 1919 urtera arte.
Jaio 1926-11-07
Arantzan 1926an jaio eta Olasenbordan bizi izan da. Etxeko giroaren eraginez bertsozaletu zen, bere aitona bertsolaria baitzen, eta bertso zaharrak ikasiz osatu zuen bere bertsogintza. Basarri, Uztapide eta Manuel Lasarte zituen eredu. 22 urterekin egin zuen bere lehen plaza, 1948an, Ostolaitz lagun zuela, lagunek bultzatuta. Nafarroako eta Euskal Herriko plaza ugaritan egin du bertsotan.
Nafarroako Bertsolari Txapelketan txapeldun izan zen 1961ean, eta 1967ko Txapelketa Nagusian finalista. Nafarroako bertsolaritzaren zutabe garrantzitsua izan da Bautista Madariaga 60ko eta 70ko hamarkadetan. 1988ko urtarrilaren 17an Donostian egin zen Bertsolari Egunean bere bertso ibilbideari omenaldia egin zioten, bere anaia Salbador Madariagarekin batera.
Hil 1694-11-07
Doctrina Christiana en Bascuence liburuaren egilea. Argitaratutako liburu hori desagertua dago. Baina Jose lezamin jaunak idatzitako "Vida del Apostol Santiago" liburuan argitaratuak daude "Gau on Santu honetan" koplak.
Iturria:
Amuriza, Xabier. "Bizkaiko bertsogintza II". 31. or.
Doinu hau neurriz nahi adina luzatu izan dute bertsolariek; ikus POZAK TXORATZEN HEMENTXE NATOR. Xabier Letek 2001 urtean plazaratu duen bertso antologian HAMAIKA ALDIZ DAUKAZU LEHENDIK izeneko doinuan kantatzen ditu bertsuok, eta doinu hau aldiz Txirritaren Pasaiako huelagari buruzkoak kantatzeko erabiltzen du; eta OtañorenTxepetxaren bertsoak aldiz BIZIA EZ DA NEHOIZ EGOITEN izeneko doinuan. Ederra nahasketa !