Bertsos - View details To know more about this section
2001-02-04 Urruña Jaialdia [Bertsoa] / Estitxu Arozena, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Igor Elortza
Bertsoa entzun |
2001-02-04 Urruña Jaialdia [Bertsoa] / Estitxu Arozena, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Igor Elortza
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
I. Elortza:
Aita Santutzat hauta nazaten
aspaldi egin nintzen apaiz.
Santu-santua ez naiz izango,
baina aita ere ez naiz.
Egaña:
Zu bezelako gizon argalik
kristauak ezin estima,
gorputz horretan ez da kabitzen
ez gorputz ta ez anima!
A. Arzallus:
Barka, Jean Paul Deux, zure ilea
aspalditik eroria,
ta zertarako jantzi ohi duzu
beraz kapelu xuria?
Egaña:
Hau gazte eta adar-jotzaile,
ze tamala ta ze pena!
Ez dakit ongi esan al duzun
matrikularen izena.
E. Arozena:
Hauteskundeetan erdiak neskak
izan dezagun pakea,
aizu, posible al litzateke
Ama Saindu izatea?
Egaña:
Ama Saindurik ez dugu izan
ez orain ta ez lehenago,
baina ama birjin izan zintezke,
postu hori libre dago.
Colina:
Jesukristoren arima daukat
nere barnean gordea,
eta gainera bisaian badut
gaixo baten kolorea.
Egaña:
Oraindik ere gazte zera zu,
egia garbi esanda.
Ai, gizarajo, zuk aski duzu
seminariora joanda!
I. Elortza:
Argala baina gogorra naiz ta
neu jarri nazazu goarda.
Fedez mundua eskastxo dabil
ta esku gogorra behar da!
Egaña:
Ez zaite joan, hurbildu zaite,
zurekin doa kontua.
Orain memoriz esan zaidazu
laugarren mandamentua.
I. Elortza:
Kopla batekin erantzungo dut
Aita Santuak uler dezan,
memoriz esan behar den hori
hitzez ezin baita esan.
Egaña:
Hau Aita Santu ez dut jarriko,
ez baitaki deus esaten.
Gainera ez daki makurtu eta
lurrari muxu ematen!
A. Arzallus:
Mandamenturik ez dakit baina
nik merezi dut saria:
mutil gaztea eta prestua,
gainera bertsolaria!
Egaña:
Zu Aita Santu kaxkarra zera,
hori da nere ustea.
Hau falta zaigu: Aita Santua
kirol prakekin jaztea!
E. Arozena:
Lehengora bueltan, gogoa badut
ama birjin izateko,
baina zuk ba al duzu indarrik
mirariak egiteko?
Egaña:
Nik erantzuna emango dizut,
nahiz ta ez den atsegina:
zu ama birjin bihurtzea da
milagrorikan haundina.
Colina:
Ai, Aita Santu, Jeinkotzat zaitut,
gorroto dut pekatua,
eta gainera ederki dakit
seigarren mandamentua!
Egaña:
Gizarajo hau zintzoa dugu
eta hori da kontua,
usu gauza berbera baitugu
zintzoa eta tontua!
I. Elortza:
Gaur nere begiz ikus dezaket
askok esaten duena,
deabrua dela Aita Santuan
kapela jantzi zuena.
Egaña:
Beraz antiaju eta guzti
jardun da neri begira.
Hau zoritxarra, kapel gainetik
adarrak ikusten dira!
A. Arzallus:
Egokiena ni nauzu berriz
ta heldu nauzu kantura;
Jesusen seme ameslaria
ta deabruan itxura.
Egaña:
Zuk Jesukriston papera ere
egingo duzu dotore;
pisua ere ez duzu asko
gurutzean jartzeko're!
E. Arozena:
Lehenago ere aritu gara
mandamenduak emanez;
seigarrena zein den badakigu,
baina laugarrenikan ez.
Egaña:
Neronek ere ez dut gogoan,
zenbat pena, zenbat damu!
Ordezkorikan ez nuke behar
memoria ona banu!
Colina:
Hiru hauek protestante dira,
ez dago esan beharrik;
Aita Santuai egin diote
protesta latza bakarrik.
Egaña:
Hauen artean bat aukeratzen
alperrikan eginahala;
ni banijoa zerurantz eta
Jainkoak hauta dezala!